Zorionekoa, senior nesken eskubaloi taldea. Denboraldi bikaina osatu du, Gonzalo Break zuzenduriko taldeak. Ia neurketa guztiak irabazi ostean, Euskadiko Sektorean lehiatzeko sailkatu dira. Sektorea, datorren asteburuan, apirilaren 11tik 13ra jokatuko dute. Eta irabaziz gero, Espainiako Txapelketara doaz. Lehenago ordea, neurketa garrantzitsua dute asteburu honetan. Igandeko partida, zarauztarren aurka. Irabazi eta lehen postua ziurtatuko balute, eurek aukeraturiko lekuan ospatuko da hurrengo asteburuko Euskadiko Sektorea. Eta noski, kasu horretan, Usurbilen ospatzea eskatuko lukete.
50 urte bete dituen Usurbil Kirol Elkartearentzat berri ezin pozgarriagoa, senior nesken taldeko sailkapena. Are gehiago, 7-8 jokalarirekin aurrera atera dutenean denboraldia. Meritu are handiagoa beraz, mugak muga, urrutira heldu baitira jada. Jubenil nesken laguntza eta babesa izango dute, hurrengo asteburuko Euskadiko Sektorean. Zorionak!!!
1. Nazionalerantz
Senior neskekin batera, senior mutilen 2.nazional mailako taldea ere pozik egoteko moduan da. Sailkapen buruan, garaile amaitu baitute denboraldia. Erronka potoloa dute orain; 1.nazionalera igotzeko fasea prestatzera baitoaz. "1.nazionala estatu mailako brontzezko txapelketa da, futboleko 2B mailaren parekoa", gogorarazi dute Usurbil Kirol Elkartetik.
Igoera fasea jokatzeko datak ere finkatuak daude jada; maiatzaren 16,17 eta 18an ospatuko da. Lekua zehazteke dagoen arren, Usurbil Kirol Elkartetik aipatu txapelketa ezin garrantzitsuagoa etxean jokatzeko eskaera bideratzekoa da. "Kirol elkarte honek igoera fasea Usurbilen ospatzea eskatuko dio Espainiako Eskubaloi Federazioari, igoera Usurbilen gera dadin", adierazi dute eskubaloi taldeen bilgunetik.
Senior mutilen 2.nazional mailako taldeak Estatu mailako beste multzoetako txapeldun edo txapeldunorde geratu diren 3 talderen aurka lehiatu beharko du, Usurbilgo Sagardo Eguna ospatuko den asteburuan.
Asteburuko neurketak
Senior taldeok ez dute etxean jokatuko asteburuan. Usurbil Kirol Elkarteko beste zenbait taldeek bai. Hona hemen, neurketon ordutegiak:
Apirilak 5, larunbata
9:30 Alebin mutilak: Udarregi 5B-Urnieta 5A
9:30 Alebin mutilak: Udarregi 5A-Langile A
10:30 Alebin mutilak: Udarregi 6B-Udarregi 6A
11:45 Infantil neskak: Udarregi B Usurbil-Eibar A
13:00 Infantil mutilak: Udarregi C Usurbil-Ordizia Irurena
17:30 Jubenil mutilak: Usurbil K.E.-Eibar (Urnietako Udal Kiroldegian)
Apirilak 6, igandea
11:30 Infantil mutilak: Udarregi Usurbil-Tolosa C.F. “A”
Gipuzkoako Selekzioarekin jokatzeko deialdiak
Guztira, Usurbil Kirol Elkarteko sei jokalari gonbidatu dituzte Gipuzkoako Selekzioarekin entrenatzera:
Apirilak 6, igandea
9:15 Infantil nesken entrenamendu saioa Donostiako Bidebieta Kiroldegian. Usurbil Kirol Elkarteko kideok bertan: Enara Egizabal, Naia Marcos eta Maria Elosegi.
11:30 Kadete nesken entrenamendu saioa Donostiako La Salle Kiroldegian. Usurbil Kirol Elkarteko kideok bertan: Estitxu Berasategi, Ane Irazabal eta Eider Makazaga.