Datorren asteburuko eskubaloiko Euskadiko azken fasea, Usurbilen ospatzea eskatu dute

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 7a, 08:00

Atzo zarauztarren aurkako neurketa irabazi zuen senior nesken eskubaloi taldeak. Ez zen ohiko garaipena izan. Sailkapen buruan egotea bermatu baitie, eta lehen postu honetan heldu baitira asteburuan jokatuko duten Euskadiko Txapelketako azken fasera. Garaipen bikoitza da atzokoa. Lehen postua eskuratzeagatik, horrez gain, ostiral honetatik igandera ospatuko den sektorea non jokatuko den erabakitzeko eskubidea ere irabazi baitu Usurbil Kirol Elkarteak. Eskubaloi taldeen bilguneak noski, senior neskak txapeldun izatera eraman ditzakeen hitzordu garrantzitsua Oiardo Kiroldegian antolatzea eskatu du jada. 

Euskal Eskubaloi Federazioari luzatu diote eskabidea. Federazioak baiezkoa ematen badu, apirilaren 11tik 13ra Usurbilen jokatuko da Euskadiko Txapelketako amaiera fasea. Bai ostiral arratsaldeko eta baita igande goizeko neurketak ere. Larunbatekoak ia ziurrenik ez, egun horretan, Tximeleta gimnasia erritmikoko taldeen topaketak ospatuko baitira Kiroldegiko eskubaloi pistan. Apirilaren 12ko partidak, Hernanin ospatzeko eskaera egin asmo du Usurbil Kirol Elkarteak.

Senior neskak punta-puntako hiru aurkarirekin lehiatuko dira: Urdaibai E.T. (Bermeo/Mundaka - Bizkaia), C.B. Muskiz (Muskiz - Bizkaia) eta IES Construcción (Gasteiz - Araba). Usurbildarrak ordea ez dira atzean geratuko. Taldea indartzeko jubenil nesken laguntza izango dute, denboraldiko neurketa ia guztiak 7-8 jokalarirekin soilik irabazi dituzten seniorrek. Ez dute meritu makala, baldintza hauetan, jokaturiko 21 partidetatik 19 irabazi baitituzte, bakarra berdindu eta bakarra galdu.

50 urte bete berri dituen Usurbil Kirol Elkartearentzat ezin berri pozgarriagoa da, senior nesken taldearen garaipena. Orain denak, asteburuko azken faseari begira dira. Asteburuan senior neskak animatzera joateko gonbita luzatzen diete usurbildarrei.