Liburutruk ekimena aurkezteko, bilera 17:30etan Udarregi Ikastolan

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 7a, 12:08

Erdiko Aretoan deitu du ikastolak, 2010-11 ikasturtetik liburuen berrerabilera sustatzeko Udarregin martxan duten sistemaren inguruko informazioa emateko hitzordua. Egitasmo honen nondik norakoak azalduko dira, eta bertaratzen direnen zalantzak ere argitu nahi dira, parte hartzeko gonbita luzatzeaz gain. Bilera honi lotuta ikastolatik luzatu duten oharra segidan: "Nahiz eta Liburutruken parte ez hartu, erabilitako liburuak behar ez badituzue ikastolan uztera animatzen zaituztegu. Liburu horien beharra dugu eta ondo aprobetxatuko ditugu, batez ere, DBH3. eta DBH4. mailakoak". Honez gain, antolaketa lanetarako laguntza behar dutela berri eman dute Udarregitik. 

Aurten ere Liburutruk ekimenean parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute, "nahiz eta iaz parte hartu". Gogorarazten dutenez gainera, "Liburu trukearen funtzionamendurako eta antolaketarako oso garrantzitsua da epeak errespetatzea, konpromezua betetzea eta liburuak zaintzea". Ekimen honi esker, liburuak erosteko gastua asko murrizteko aukera dute familiek.

Hona hemen, Liburutruk egitasmoaren funtzionamendua:
1- LH5. mailatik aurrera hasiko da sistema hau.
2- LH5. eta LH6. mailako ingeleseko liburuak EZ dira sartzen sistema horretan, bakoitzak bereak erosi beharko ditu. Baina DBH1ean, DBH2an, DBH3an eta DBH4an ingelesa liburuak LIBURUTRUKearen bidez banatuko dira.
3- LAN KOADERNOAK ere, LIBURUTRUKEAREN bidez erosiko dira, irailean liburu guztiak ikastolan jasotzen dira.
4- Izena ematerakoan fidantza bat ordaintzen da (gero deskontatuko da).
5- Ikasturteko azken egunean parte hartuko dutenek berrerabiliko diren liburuak bere ikasgelan utziko dituzte (lan koadernoak ez eta LH5ekoek ez daukate ezer uzteko). DBH2. mailakoek ez dituzte liburuak utzi behar.
6- Lan taldeak liburuak aztertuko ditu, liburuen inbentarioa, behar diren liburuen eskaera, liburu sortak eta banaketak egingo ditu.
7- Uztailean ikasle bakoitzari gutun bat bidaliko zaio zenbat ordaindu behar duen jakinaraziz. 
8- Irailean gutunean jarriko den datetan liburuak ikastolan jasoko dira, ordainagiria eman behar da liburuak jasotzeko.
9- Ordainketa modua: Alde batetik, kuota finko bat dago eta, beste aldetik, ikasle bakoitzaren lan-koadernoen ordainketa.

Sistema hau erabiltzeko arrazoiak:
1- Gure seme-alaben heziketa hobetzeko: zenbait balore garatzen lagunduko diegu: besteekiko elkartasuna, guztien gauzak zaintzeko joera, komunitatearekiko lotura, kontsumo arduratsua eta inguruarekiko errespetua.
2- Ekonomiagatik: Parte hartzen duten familiek liburuetan gutxiago gastatuko dute.
3- Ekologiagatik: Liburuak berrerabiltzeak paperaren kontsumoa eta sortutako zaborra gutxitzen du.
Ikasturte honetan DBH1ean EKI proiektu berria ezarri da. Liburuak berriak izan ziren maila horretan. Aurten DBH2an ezarriko da, honela, hiru urte barru DBH4ra iritsi arte. Aldaketa hau kontuan izanda orain arte DBHn erabili diren liburuek ez dute balio, eta denak berriak erosten joan beharko digu (DBH1 eta DBH2ko ikasleek). Aukera ona da denok LIBURUTRUKEN parte hartzeko eta berrerabiltzeko sistema osoa garatzeko.