Autobus zerbitzua hobetzeko aurreproiektua aurkeztuko dute, 18:30etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 7a, 12:32

Gipuzkoako Foru Aldundiak antolaturiko bilera, gaur arratsaldeko 18:30etan hasita Potxoenean. Ekitaldian, aurreproiektu honen inguruko herritarren ekarpen, proposamen eta iritziak bildu nahi dituzte.

Autobus zerbitzuan hobetzeko zer dagoen, ekarpenak jasotzeko bilera erronda bat egin zuen herriz herri Foru Aldundiak, iragan udazkenean. Herritarrek hitzordu haietan eginiko ekarpenekin, aurreproiektu bat diseinatu du Diputazioak. Egitasmo hau aurkezteko bilera fase berri bati ekitekoa da asteotan. Usurbila ere etortzekoak dira berriz. Autobus zerbitzua hobetzeko parte hartze prozesuko bilera berria, datorren astelehenean, apirilak 7, arratsaldeko 18:30etan hasita Potxoenean. 

Ospitaleko autobus zerbitzurako hobekuntzak

Aipatu moduan, 2013. urte amaieran udalerrietan eginiko bileretatik, autobus zerbitzua hobetzeko hainbat proposamen jaso zituen Aldundiak. Usurbilen eginiko saioan ere bai. Gehienak, T2 linearen ingurukoak, hau da, udalerri hau ospitaleekin lotzen duen bus zerbitzuari buruzkoak. 

Groseko anbulategiraino heltzea proposatu zuten herritarrek. Baita autobusa herri barrutik pasatzea ere, maiztasuna handitzea, edota Lasartetik Santuenerako transbordoa egiteko erraztasunak jartzea. Foru Aldunditik, usurbildarren ekarpen hauei erantzun zaie. Batetik, Lasartetik Santuenerako transbordoa egoki egin ahal izateko antolatuko dira ordutegiak. T2 eta T6 zerbitzuetako transbordoa ere gaizki zegoela zioten herritarrek. Lotura hau hobetzen da Aldunditik. Herritarrek eginiko beste eskaera bat ere onartua dute; autobusa herri barrutik igarotzea. Aldiz, ospitaleetara doan bus zerbitzua Groseko anbulatorioraino heltzea ezinezkotzat jotzen du Diputazioak. Herri arteko zerbitzua baita, ez hiriburu barnekoa eta honenbestez, Donostian tranbordoa egiteak beharrezkoa izaten segiko du.  Bus zerbitzu honen maiztasuna bere horretan geratuko da Aldunditik diotenez, ezin baita handitu. 

Zerbitzua indartzeko eskaerak
Usurbilgoez gain, Buruntzaldean eta Tolosaldean ere izan ziren Diputaziokoak. Eskualdeotako herritarrek eginiko ekarpenetatik, zenbait eskaera orokor daudela antzeman zituen Foru Aldundiak. Eta horiek kontuan izanda, orain herritarren iritzia bildu nahi dute. Astegunetako zerbitzua, goizeko 6:00etatik 22:00-22:30 artekoa izatearekin ados dauden edo ez jakin nahi dute. Herrietako jaiak direnean, beharrezko ikusten bada, bus errefortzuak jartzea babesten duten edo ez, edota baliabideak hobeto aprobetxatuz, gauetako zerbitzua berrantolatzearekin bat egiten duten. Ospitaleetako zerbitzua berriz, askoren ahotan. Aldunditik zerbitzu hau herritar gehiagoren eskura jarri izanarekin ados dauden edo ez, honen inguruan iritzia eman ahalko dute herritarrek.

Autobus zerbitzua hobetze aldera, parte hartzeko eta informazioa jasotzeko bide gehiago ere zabaldu ditu Foru Aldundiak:
Web orria: www.garraioahobetzen.net
Twitter: @garraioahobetuz
Facebook: www.facebook.com/GarraioaHobetzen