"Erronka beteta!", mezu pozgarri honekin jakitera eman du Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldeak, lortu dutela urte hasieran finkatu zuten erronka; ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotuko dituen giza-katerako 400 usurbildarren atxikimenduak bildu dituzte jada. Atzo lortu zuten 400. metroa saltzea. 400. herritarrak, euskaldunon erabakitze eskubidearen aldeko ekimenean izena ematea. Halere, beste behin, desafioei beldurrik ez dietela erakutsiz, erronka berri bat bete nahi dute Usurbilen; "500 baietz!!!". Beste ehun herritar bildu nahi dituzte. Giza-katerako izen emateak zabalik jarraitzen du. Gure Esku Dagok informazio postua jartzen jarraituko du datozen asteburuetan, frontoi inguruan.
Bideo grabaketak, erabakitze eskubidearen alde
Usurbilgo Gure Esku Dagok ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotuko dituen giza-katea girotzeko abiatu berri duen ekimena dugu. "Minutuko lana" baino ez da antolatzaileen esanetan, eta animatzera deitzen dituzte usurbildarrak. Egin beharrekoa, oso erraza da; "Ni/gu ere han izango naiz/gara" esaldia esanez (usurbildarron euskalki politarekin) bideoz grabatu zeuen buruak", lan taldetik berri eman dutenez. Eta grabazioak, helbide honetara bidali: usurbilgureeskudago@gmail.com
Bideoak nahi duzuen moduan, lekuan, eta nahi duzuenarekin graba ditzakezue. "Koadrilan, gurasoekin, lehengusuak, aiton-amonak, ilobak, izeba-osabak,... pote bat hartuz, mendian, eskolan, kantu taldean, gaztetxean, dantzan, parkean, haurrekin, pelotan, futbolean, hondartzan, pino egiten... eta okurritzen zaizkizuen guztiak!", diote Gure Esku Dago lan taldetik.