Euskal Eskubaloi Federazioak baiezkoa eman dio, Usurbil Kirol Elkarteak eginiko eskaerari. Honenbestez, senior nesken eskubaloiko Euskadiko Txapelketako azken fasea Oiardo Kiroldegian jokatuko da, asteburu honetan, apirilaren 11tik 13ra. Bai ostiral arratsaldeko eta baita igande goizeko partidak ere. Larunbat arratsaldeko jardunaldia Usurbilen ez, Hernaniko Udal Kiroldegira lekuz aldatu dute, egun berean, II. Dantza Egunaren baitan, Oiardon, Tximeleta gimnasia erritmikoko taldeen topaketa ospatuko baita.
Lau talde lehiatuko dira senior nesken txapelketan. Tartean, etxekoak, usurbildarrak. Bizkaia eta Arabako hiru aurkari izango dituzte: Urdaibai E.T. (Bermeo/Mundaka - Bizkaia), C.B. Muskiz (Muskiz - Bizkaia) eta IES Construcción (Gasteiz - Araba). Partiden ordutegia zehaztua dago, baina nork noren aurka eta noiz jokatuko duten astelehen hau amaitzerako jakin daiteke. Neurketen zozketa gaur bertan egitekoak dira. Ostiraletik igandera, eguneko bi partida jokatuko dira. Orduotan:
Apirilak 11, ostirala
Oiardo Kiroldegian:
18:15 1. partida.
20:00 2. partida.
Apirilak 12, larunbata
Hernaniko Udal Kiroldegian:
17:15 1. partida.
19:00 2. partida.
Apirilak 13, igandea
Oiardo Kiroldegian:
10:45 1. partida.
12:30 2. partida.
Lehen postuan sailkatzearen abantaila
Atzo zarauztarren aurkako neurketa irabazi zuen senior nesken eskubaloi taldeak. Ez zen ohiko garaipena izan. Sailkapen buruan egotea bermatu baitie, eta lehen postu honetan heldu baitira asteburuan jokatuko duten Euskadiko Txapelketako azken fasera. Garaipen bikoitza da atzokoa, batetik, lehen postua eskuratzeagatik. Eta horrez gain, ostiral honetatik igandera ospatuko den sektorea non jokatuko den erabakitzeko eskubidea ere irabazi baitu Usurbil Kirol Elkarteak. Eskubaloi taldeen bilguneak noski, senior neskak txapeldun izatera eraman ditzakeen hitzordu garrantzitsua Oiardo Kiroldegian antolatzea eskatu du. Euskal Eskubaloi Federazioari luzatu diote eskabidea. Federazioak baiezkoa eman du.
Usurbildarrek punta-puntako Bizkaia eta Arabako hiru talderekin lehiatu beharko dute. Etxekoak ordea ez dira atzean geratuko. Taldea indartzeko jubenil nesken laguntza izango dute, denboraldiko neurketa ia guztiak 7-8 jokalarirekin soilik irabazi dituzten seniorrek. Ez dute meritu makala, baldintza hauetan, jokaturiko 21 partidetatik 19 irabazi baitituzte, bakarra berdindu eta bakarra galdu.
50 urte bete berri dituen Usurbil Kirol Elkartearentzat ezin berri pozgarriagoa da, senior nesken taldearen garaipena. Orain denak, asteburuko azken faseari begira dira. Asteburuan senior neskak animatzera joateko gonbita luzatzen diete usurbildarrei.