Asteburuko Euskadiko Txapelketako eskubaloi neurketen ordutegiak prest

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 8a, 12:15



Usurbil Kirol Elkartea, 50. urtemugako denboraldia ezin hobeto borobiltzeko bidean da. Senior mutilak 1. nazional mailara igoera prestatzen dabiltza. Eta senior neskak, Euskadiko Txapelketako azken fasea jokatuko dute asteburu honetan. Jokalari kopuru aldetik justu samar ibili den taldeak, egin duen ahalegina ez da nolanahikoa. 21 neurketetatik 19 irabazi ditu, 7-8 jokalarirekin. Orain, azken ahalegina egitea baino ez zaie geratzen, Euskadiko onenak izateko. Senior neskei babes eta animu guztia ematera joateko gonbita luzatzen dute Usurbil Kirol Elkartetik. Beranduenez, igande eguerdian jakingo da, garaipena usurbildarrena izango den. Txapelketaren atarian, senior nesken taldearekin bildu da astekari hau.


Euskadiko Sektoreko atarian, nola dago taldea?
Gonzalo Brea: Animikoki oso motibatuak daude, baina fisikoki oso mugatuak. Denboraldi honetan 9 fitxa izan ditugu, neurketetan bataz beste 7-8 jokalarirekin moldatu izan gara. Badira 60 minutuko 18 partida jokatu duten jokalariak. Asteburuko txapelketan, jubenil nesken laguntza izango dugu. Jokalari kopuru aldetik, hura ere talde justu samarra da. Justu samar goaz, baina dena ematera.

Dena ematera beraz, aurkarien zain egon gabe?
Honaino heldu gara, jokalari kopurua ikusita eta iazko emaitzak ikusita, denek espero baino askoz gehiago egin du taldeak. Euskadiko Sektorean gertatzen dena gertatuta ere, denboraldi bikaina egina izango dugu. Jokatutako 21 partidetatik 19 garaipen izan ditugu, partida bat berdindu dugu eta beste bat galdu. Bataz beste, neurketa bakoitzeko 7-8 jokalarirekin moldatu garela jakinik, denboraldia ikusgarria izan da. Ezin zaie gehiago eskatu. Gutako edonork pentsa genezakeena baino askoz gehiago egin dute. Eta halere, Euskadiko Sektorean dena emango dugu. Garaipena erdiesten badugu primeran, baina neurri batean helburua guztiz betea dugu.

21 partida, 19 garaipen, 7-8 jokalarirekin. Mugaokin, emaitza ikusgarriok nola heltzen dira?
Entrenamendu saioetan ere jokalari kopuru aldetik justu samar ibiltzen gara. 4-5 jokalari asteartetan, 6 ostegunetan, ostiraletan zorte pixka batekin, 7-8 jokalari. Hiruzpalau lagunentzako entrenamendu saioa prestatzea oso konplexua da. Ezin gauza asko egin. Eta zaila baita jokalarientzat, saioetara motibatuta etortzea. Zer gertatu da? Jendea oso indartsu dagoela kointziditu du, iaz baino maila askoz hobea dutenak badira. Entrenamendu saioetara datorrena oso konprometituta dator, lanera, jokatu eta irabaztera. Jokalarien maila psikologikoan ikusten dut. Denboraldia ondo hasi genuen, lehen partida erraz irabazi genuen. Bigarrena, teorian, aurkari zuzen batekin irabazi genuen. Euren etxean irabazi genuen, galtzen hasita. Horrek txip aldaketa eragin zuen jokalarien artean, ahal genuela jabetu ginen. Hortik, irabazten jarraitu dugu. Bera Bera taldearekin euren etxean berdindu genuen, teorian beste aurkari talde handia. Horrek sinistarazi zigun denoi denboraldi honetan zerbait handia egin genezakeela. Emaitza hor dago. Entrenamendu saioak oso garrantzitsuak dira, baina kasu honetan, jokalari kopuru aldetik dagoen muga ikusita, uste dut zerikusi handia izan duela euren lanerako gaitasunak, esfortzuak, eta indar psikologikoak; ahal dugu esatea eta egiten aritzea.

Beste behin, gauza bera gerta daiteke asteburu honetan?
Gerta liteke. Baina konplexuagoa izango da. Hiru neurketa jokatu beharko ditugu, segidan, ostiraletik igandera. 14-16 fitxa dituzten jokalariekin lehiatuko gara, jokalariak gehiago errotatu ahal izan dituzten taldeekin, sektorera hain zigortuak helduko ez diren taldeekin. Lehen partida irabazi dezakezu, baina bigarrenera errekuperatu gabe helduta, astebete gabe, askoz konplexuagoa da. Faktore askoz gehiagoren mende geratzen zara, zortea, lesioak, jendea azkar errekuperatzea. Oso konplexua da. Halere, egingo dugu, egin daiteke. Jubenilen laguntza izango dugu. Eskerrak eman Nerea Agudori, jubenilen laguntza izateagatik. Garaile izan behar badugu, onenekin jokatu behar dugu. Topera goaz.

Garaipen une bat baino gehiago bizi izan duen taldea da senior neskena?
Nerea Agudo egon zen eurekin. Urteak dira eskubaloian hasi zirela jokalariok eta emaitza oso onak lortu izan dituzte. Orain ikusten da, seniorrera helduta. Egia da lehen bizpahiru urteetan kosta zitzaigula kategoria berri honetara egokitzea. Ez zegoen senior talderik. Eurak izan ziren lehen senior neskak, urte askotan senior neska talderik ez baitzen egon Usurbilen. Orain, gustura dabiltza. Kadete eta jubeniletan zuten maila erakusten ari dira.

50 urte bete dituen elkartea nola bizitzen ari da senior taldeetatik datozen berri on hauek?
Polita da, kirol elkarte baten 50. urteurrenean, klubeko intsignia diren senior neska eta mutilek taldeak, bat Euskadiko txapeldun izateko borrokan ikustea. Besteak lortu du. Ikusgarria da. Horrek beheragoko mailetan eragiten du. Gauzak ondo egiten ari dira, emaitza oso onak baitaude eta taldeak maila ona ematen ari baitira.

Euskadiko Txapelketa jokatzera doazen jokalariei zer esan?
Orain arte bezala borrokan jarrai dezatela. Dena eman beharko dugu, hori argi dago. Sufritu, borrokatu, gozatu dezatela, esperientzia honetaz asko goza dezatela, gutxitan gertatzen baita halakorik, Oiardo Kiroldegia bete dezatela herritarrek. Senior mutilekin pabilioia bete izan da. Baina neskekin bakarrik sentitu izan gara. Lagundu diezagutela, beraiek ere babes hori behar dute.

Partidak
Astelehen iluntzean eginiko zozketan zehaztu ziren, asteburuan Usurbilen ospatuko den Euskadiko Txapelketako azken neurketen ordutegiak:

Apirilak 11, ostirala
Oiardo Kiroldegian:

18:15 Urdaibai-C.B. Muskiz
20:00 Usurbil K.E.-IES Construcción

Apirilak 12, larunbata
Hernaniko Udal Kiroldegian:

17:15 C.B. Muskiz-IES Construcción
19:00 Usurbil K.E.-Urdaibai

Apirilak 13, igandea
Oiardo Kiroldegian:

10:45 IES Construcción-Urdaibai
12:30 Usurbil K.E.-C.B. Muskiz