Berriak dioenez, zigor eskaerei eusten die Espainiako Estatuko Fiskaltzak, eta aipatu moduan, Euskaldunon Egunkariaren auzi ekonomikoari loturiko epaiketa egitea eskatu du, Donostian atzo egin zen aurretiazko saioan. Zortzi lagun daude auziperatuak. Usurbildar bat tartean; Joan Mari Torrealdai. Eta berarekin batera, beste zazpi lagun: Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena eta Begoña Zubeltzu.
Defentsak, auzia artxibatu eta akusatuak absolbitzea eskatu du, bi argumentuetan oinarrituta. Fiskaltzaren txostenean jasotako egitateen eta ustezko delituen artean loturarik ez dagoela eta ustezko delituok preskribatuak daudela dio Iñigo Iruin abokatuak. Orain epaileak du azken hitza, berak erabaki beharko du, ahozko epaiketa abiatu edo ez. Donostiako epaitegien esku dago egun auzia, 2010eko maiatzean eta delitu "terroristaren" zantzurik ez zegoela iritzita, Espainiako Auzitegi Nazionalak Egunkariaren auzi ekonomikoaren aurkako epaiketa ez zuela egingo erabaki ostean. Hamar urte eta gero, auzi ekonomikoak zabalik jarraitzen du.
128 urte eta 221 milioi euroko eskaera
Akusazioa: ustez Egunkariaren 1998-2001 urte arteko diru kontuak faltsutzea eta diru laguntzak eskuratzeko iruzurrak egitea.
Zigor eskaerak: 128 urte eta 221 milioi euroko isuna 8 auzipetuentzat:
-Joan Mari Torrealdai, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Iñaki Uria eta Txema Auzmendirentzat: 18na urteko espetxe zigorra eta 31 milioi euro.
-Mikel Sorozabal eta Fernando Furundarenarentzat: 12na urte pasatxo eta 21 milioi euro.
-Begoña Zubeltzurentzat: 9 urte eta 20 milioi euro.