Atzo ireki genuen uztailaren 1etik 30era burutuko den ekimenerako izen ematea. 24 orduren bueltan, 4-12 urte arteko 101 haurrek eman dute izena. Apuntatzeko epeak zabalik jarraituko du ostiralera arte, ordutegi honetan: goizez, 10:00-11:00 artean, eta arratsaldez, 16:00-18:00 artean. Tarte horretan, izen emate orria beteta, NOAUA!ko egoitzara ekarri eta kito. Ez da besterik egin behar. Eskuorria ez duenak, etor dadila NOAUA!ko egoitzara eta bertan emango zaio. Ordutegiz eta epez kanpoko izen ematerik ez da onartuko.
140 haurrentzako lekua dago Udajolasen. Izen emate kopurua 140tik gorakoa baldin bada, plazen zozketa egingo da, maiatzaren 5ean, arratsaldeko 17:00etan Potxoenean. Halere, aurrez eta garaiz jakinaraziko da, zozketa egin beharko den edo ez.
Udajolaserako izen ematea
Epea: apirilaren 7tik 11ra.
Ordutegia: goizez, 10:00-11:00 artean; arratsaldez, 16:00-18:00 artean.
Tokia: NOAUA!ko egoitza.
Ekarri beharrekoa: izen emate orria, datu pertsonalekin beteta.
Oharra: ez da ordutegiz eta epez kanpoko izen ematerik onartuko.
Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Udala.
Ingeleseko udalekuetan izen emateko epea zabaldu du Udarregi Ikastolak
Uda parteko aisialdirako beste eskaintza bat. Datorren udan ere, irakasle "natiboekin" eta talde txikitan, ingelesa modu dibertigarri eta desberdin batean ikasteko aukera eskaintzen dute Udarregi Ikastolatik. 5-11 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduriko udaleku irekiok, ekainaren 25etik uztailaren 22ra izango dira. Goizez eta lau orduz, 9:00-13:00 artean. Izen ematea zabalik, apirilaren 25era arte, Udarregi Ikastolako idazkaritzan. Prezioa, 300 euro. Baina udalekuetako monitorea etxean hartzen duenak, udalekua doan izango du. Udalekuok burutu ahal izateko, gutxieneko taldea osatu beharko da.
"Ikasle-talde bakoitzak bere hezitzailea izango du, jokoak, eskulanak, ipuin-kontaketak, antzerkiak, proiektuak, IKTak eta abar ingelesez egingo dituzte. Hezitzaileak, jatorrizko ingeles hiztunak izango dira, hau da, ama hizkuntza ingelesa dutenak. Horien egonaldia, programan parte hartzen duten ikasleen familietan izango da", Udarregi Ikastolatik berri eman dutenez.