Atzo arratsalderako 133 haurrek emana zuten izena Udajolasen. Gogoan izan, 140 plaza daude. Ostiralera arte zabalik jarraituko du apuntatzeko epeak; goizetan, 10:00etatik 11:00etara, eta arratsaldez, 16:00-18:00 artean, NOAUA!ko egoitzan. Udajolasen parte hartu ahal izateko egin beharrekoa erraza da. Ikastetxeetan banatutako eskuorria datu pertsonalekin NOAUA!ra ekarri eta kito. Eskurorria ez duzuenok, NOAUA!n bertan eskura dezakezue. Ordutegiz eta epez kanpoko izen ematerik ez da onartuko. Izen emate kopuruak 140ko muga gainditzen badu, plazen zozketa egingo da maiatzaren 5ean, arratsaldeko 17:00etan Potxoenean.
Udajolaserako izen ematea
Epea: apirilaren 7tik 11ra.
Ordutegia: goizez, 10:00-11:00 artean; arratsaldez, 16:00-18:00 artean.
Tokia: NOAUA!ko egoitza.
Ekarri beharrekoa: izen emate orria, datu pertsonalekin beteta.
Oharra: ez da ordutegiz eta epez kanpoko izen ematerik onartuko.
Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Udala.
Ingeleseko udalekuetan izen emateko epea zabaldu du Udarregi Ikastolak
Uda parteko aisialdirako beste eskaintza bat. Datorren udan ere, irakasle "natiboekin" eta talde txikitan, ingelesa modu dibertigarri eta desberdin batean ikasteko aukera eskaintzen dute Udarregi Ikastolatik. 5-11 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduriko udaleku irekiok, ekainaren 25etik uztailaren 22ra izango dira. Goizez eta lau orduz, 9:00-13:00 artean. Izen ematea zabalik, apirilaren 25era arte, Udarregi Ikastolako idazkaritzan. Prezioa, 300 euro. Baina udalekuetako monitorea etxean hartzen duenak, udalekua doan izango du. Udalekuok burutu ahal izateko, gutxieneko taldea osatu beharko da.
"Ikasle-talde bakoitzak bere hezitzailea izango du, jokoak, eskulanak, ipuin-kontaketak, antzerkiak, proiektuak, IKTak eta abar ingelesez egingo dituzte. Hezitzaileak, jatorrizko ingeles hiztunak izango dira, hau da, ama hizkuntza ingelesa dutenak. Horien egonaldia, programan parte hartzen duten ikasleen familietan izango da", Udarregi Ikastolatik berri eman dutenez.