Txaramuntoko alokairuko etxebizitzen esleipen deialdian izen emateko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 9a, 14:02



Usurbilgo Udala, San Inazioko errotonda ondoan kokatua dagoen Txaramunto, 2 zenbakiko eraikineko alokairuko zortzi pisu esleitzera doa, zozketa bidez. Zozketa honetan parte hartzeko, hiru astetarako ireki zuen izen emate epea ixtear da. Ostegun hau, apirilaren 10a dute interesdunek, apuntatzeko azken eguna. 

Deialdi honetako oinarriak, martxoaren 21eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zituen Udalak. Hemen duzue aldizkarirako lotura: Txaramunto

Eskabideak eta dokumentazioa udal erregistroan aurkeztu behar dira. Informazio gehiago ere bertan jaso dezakezue. Txaramunto kalea 2an (San Inazioko errotonda eta bus geltoki ondoan) kokatua dagoen eraikineko etxebizitzak dira esleituko direnak. "Udal jabetzako 12 etxebizitza, bere garajeekin", herrialde mailako aldizkari ofizialak jasotzen duenez. Eraikinak 3 bizileku ditu beheko solairuan, hiruna lehen bi solairuetan eta beste hiru atikoan. Guztiak bi logelako pisuak dira, bakoitza bere garajearekin.  

8 pisu zozketan
12 bizilekuotatik zortzi dira esleituko direnak hasiera batean, beste laurak okupatuta baitaude. "Libre geratzen direnean berriro esleituko dira, horretarako oinarri hauen arabera osatuko diren itxarote-zerrendak erabiliz", hala diote Usurbilgo Udalak kaleratu dituen oinarriek. Alokairu kontratuen iraupena urtebetekoa izango da, bost urtera arte luzagarria. Halere, urtez urte berrikusiko da. Ordaindu beharreko kuota, eskatzaile bakoitzaren diru-sarreren menpe egongo da, eta urtero berraztertuko da. 

Esleipen prozesua, pausoz pauso
-Eskabideak aurkezteko 20 egun, martxoaren 22tik zenbatzen hasita.
-Eskariak aztertu ostean, behin behineko onartu eta baztertuen zerrendak argitaratuko ditu Udalak.
-Segidan, 10 lan egunez jendaurrean ikusgai jarriko dira zerrendok. Alegazioak aurkezteko aukera.
-Alegazioei erantzun eta behin behineko zerrenda, behin betiko onartuko du Udalak.
-Etxebizitzak zozketa bidez esleituko dira, kupoka.
-Zozketa egin ostean, gainerako eskabideekin, itxarote zerrendak osatuko dira.

Zozketarako kupoak
Kupoka zozketatuko dira etxebizitzak. Kupo hauek ondoko lehentasun-hurrenkera izango dute:
-Ezinduak: etxebizitza bat.
-Etxebizitza premia berezia duten eskatzaileak: adimen edo garapen-desgaitasuna dutenak, gerora sortutako ordaintzeko ezinagatik ohiko etxebizitza jabetza galdu dutenak, genero-indarkeriaren biktima direnak, edo 70 urtetik gorako pertsonak, bananduak, dibortziatuak eta alargunak. 3 etxebizitza. 
-Etxebizitza premia duten eskatzaile edo bizikidetza-unitate espezifikoak: beren kargura adin txikikoak dituzten guraso bakarreko bizikidetza-unitateak eta 30 urtetik beherakoak. 3 etxebizitza. 
-Kupo orokorra: aurreko kupoetarako gordetzen ez diren etxebizitzek osatuko dute. Etxebizitza bat gutxienez.