Liburuen erabileraz saio interesgarria Yolanda Arrietarekin, 17:30etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 10a, 08:33



"Liburutegira etortzen zara zure seme-alabekin, etxean ere eskura dituzue liburuak, era guztietako liburuak: istorio bat kontatzen dutenak, jolasteko liburuak, olerkiak eta aho-korapiloak dituztenak, e.a. Batzuetan nekatuta sentitzen zara istorio luze bat kontatzeko, bestetan, ez dakizu nola kontatu eskuartean duzun hori… Saioa erabat praktikoa izango da: liburu mota ezberdinak eskuartean izango ditugu eta horiekin zer egin dezakegun aholkatuko digu Yolandak. Topaketa honetan parte hartu nahi baduzu, Liburutegiko harreran izena eman dezakezu. Ederki pasako dugu!", hauxe Sutegi udal liburutegitik ostegun honetarako, apirilaren 10erako luzatu duten gonbita.

"Zer egin liburuekin: Kontu Kontari" saioa antolatu dute, gaur arratsaldeko 17:30etan, Yolanda Arrietarekin. Liburutegian edo etxean aurki daiteezkeen liburuekin zer egin aholkatuko du Arrietak. Liburu mota ezberdinak erabiliz egingo den saio praktiko hau, 0-7 urte arteko haurren guraso eta hezitzaileei zuzendua egongo da. Ekitaldirako izena aurrez eman behar da, liburutegiko harreran.

NOAUA!n txoko propioa
“Zer egin liburuekin; Kontu Kontari” saioa, apirilaren 2ko Haur Liburuaren eta apirilaren 23ko Liburu Egunaren artean, asteotarako liburutegitik iragarri duten ekimenetako bat da. Nobedade gehiago izango baitituzte laster liburutegian. Lan berriak eskuragarri jarriko dituzte. Web orrialde honetako "Komunitatea" atalean, udal liburutegiko arduradunek, 8 eta 12 urtetik gorako haur eta gazteentzako heldu berri zaizkien izenburuen bilduma jaso dute.  Apirilaren 15etik aurrera bestalde, Liburutegiak App mugikor edota tabletetarako aplikazio berria ezagutzera emango dute.