Kutxa eta Kutxabank hizpide, EH Bilduk 19:00etan Potxoenean antolaturiko solasaldian

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 10a, 08:40

Ino Galparsoro eta Ainhoa Beola arituko dira hizlari lanetan, Sutegiko auditorioan. Hitzaldiaren harira, ostegun honetako solasaldia testuinguruan kokatzeko honako idatzia kaleratu du Usurbilgo EH Bilduk:

Kutxaren etorkizuna eta Kutxabank
2011n Kutxabank sortzen denetik, Kutxaren norabidea aldatuz joan dela ikusi dugu. Lurraldearekiko eta herritarrekiko atxikimendua araudian jasota badago ere, zuzendaritzatik burutzen ari diren ekimenek kontrako norabidea hartu dute.

Etxegabetzeekin jarraitzen duten bitartean, IRPH gehiegizko klausula aplikatzen jarraitzeko egin ahalak egiten darraite. Herritar guztion diruarekin sortutako ondarea salgai dago, Gasteizko Legebiltzarrak zioenari muzin egin eta Onkologikoa Osakidetzan guztiz integratzeari uko egin zaio.

Gizartegintzara zuzendutako aurrekontuak behera egiten jarraitzen du. Euskal ehun industriala atzerrira saltzen dihardute, euskal autonomo zein enpresa txiki eta ertainek aurrera egin dezaten, kreditu lerroak itxita mantenduz.

Orain ordea, Madrilen PNVk eta PPk adostutako Izaera Bereziko Fundazioen Legearen bitartez, kontrol publikoa desagertarazi nahi da.

Bada ordea jatorrizko izaerari eutsi eta beste kudeaketa eredutik abiatzeko aukera, Mario Fernandezek dioenaren kontra. Alegia, borondate politikoari eutsiz gero, Kutxabank eta beraz Kutxa, herritarrak, lurraldea eta euskal ehun produktiboa babestuko duen kudeaketa eredua mantendu daiteke.

Apirilaren 10ean osteguna 19:00etan Potxoenean antolatu dugun hitzaldian egoera orokorrari buruzko argazkia eskainiko zaigu, eta bete beharreko legeen kokapenetik finantza entitate publikoa eta soziala gauzatu daitekeelakoan, usurbildarrekin batera solaskidetza irekiko da.