“Norberaren zaintza somatikoa eta emozionala”, emakumeentzako ahalduntze ikastaro berria

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 10a, 08:35

Emakumeei zuzenduriko doako ahalduntze ikastaro berri hau antolatu du Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak. Maiatzaren 9an abiatuko da. Saioak ostiralero izango dira, 17:00-19:00 artean Santueneako Aldapeko lokalean. Maider Andonegik bideratuko duen ikastarorako izena aurrez eman beharko da, maiatzaren 2a baino lehen; 943 377 110 telefono zenbakira deituta edo parekidetasuna@usurbil.net helbidera idatzita.

“Ikastaro honekin zure buruarekin egoteko denbora hartu eta arnasketa-teknikaren bitartez, zure gorputza entzuten, sentitzen eta mimatzen ikasteko aukera izango duzu!”, aurreratu dute antolatzaileek.

Hainbat bizi ohiturek emakumeen osasunean duten eraginaz ohartarazita antolatu dute ikastaro hau. “Etxeaz arduratzea eta etxetik kanpo ere lan egiteak, ingurukoak zaintzea, prestutasuna edukitzeak eta oro har, jendarteak eskatzen dienari erantzuteko ahaleginek, ondorioak izaten ditu emakumeen osasunean”, ohartarazten dute Parekidetasun Sailetik. Zaintzea komeni beraz.

Batukada feministaren saioa larunbatean
Beste ahalduntze ikastaro bat antolatu eta abiatu zuen urtarrilean, Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak. Espazio publikoan emakumezkoen parte hartzea sustatzea helburu zuen ekimena. Arrakasta nabarmena izan du, adin tarte ezberdinetako herritarrak bildu ditu. Martxoaren 22an ospatu zen Gure Esku Dago Egunean eskaini zuten estreinako emanaldia. Eta larunbat honetan, berriz plazara irtengo dira. Batukada feminista taldeaz ari gara. II. Dantza Egunaren baitan, apirilaren 12an, eguerdi partean kalejira egingo dute Kaxkotik barrena.