Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek apirilaren 17tik 20ra Altsasun ospatuko diren Gazte Burutakzio Topaketetara joateko autobus zerbitzua antolatu dute eskualde mailan. Autobuserako izen ematea zabalik dago. Usurbilen, Aitzagan edo Irratin apuntatu daiteke. Topaketetarako sarrerak 20 eurotan eskura daitezke; eskualde mailan, Hernaniko Garin Tabernan, edota Donostian, Alde Zaharreko Herria Tabernan, edota Antiguon, Platero Tabernan. Sarreraren baitan, "hiru gosari, bazkari bi, lotarako lekua, dutxatzeko aukera eta udaberriko ekimenaz gozatzeko aukera paregabea. Afaria zein edaria eskainiko duten txosnak ere egongo dira".
Hausnarketa eta gogoetarako tartea hartu nahi dute Ernaik eta Aitzinak antolaturiko topaketotan. "Burutakzio topaketak sistema kapitalista patriarkalaren kontra aritzeko bitartekoak eskaintzera datorren ekimena da Apirilaren 17tik 20ra Altsasun. Gazteok gure egunerokotasunean gu geu izateko aukera nola ukatzen zaigun ikusten dugu, gazte, aske eta burujabe izateko aukera, eta zapalkuntza horren aurrean ezinbestekoa zaigu ahalduntzea. Helburu horiei begira prestatu ditugu Ernai eta Aitzina gazte antolakundeak apirilaren 17tik 20ra bitarte egingo diren topaketak", berri eman dute antolatzaileek. Borroka praktiken inguruko formazio teoriko eta praktikoa jaso ahalko dute Altsasura gerturatzen direnek.
Topaketetako egitaraua eta informazio gehiago, lotura honetan: Burutakzio Topaketak
Gazte Topaketak, Usurbilen
Datorren astean Altsasun, eta gero Usurbilen. Hemen ere Gazte Topaketak antolatzen ari da Ernai, apirilaren 24 eta 25erako. Ekimen hauei buruz mintzatu da urtea bete duen gazteen bilgunea, aste honetako NOAUA!rako eskaini dion elkarrizketan: NOAUA! 570