Ekainaren 8an, Durango Iruñearekin lotuko duen euskaldunon erabakitze eskubidearen aldeko giza-katerako, usurbildar, aginagar eta zubietarrek Uharte-Arakilen erreserbatua duten eremuko 400 metro saldu dituzte jada. 400 atxikimendu, 400 herritar bildu ditu Gure Esku Dago Usurbil bilguneak, milaka euskal herritar eskuz esku lotuko dituen ekimenerako. Eta orain beste ehun metro, beste ehun lagunen babesa lortu nahi dute. Giza-katerako apuntatu ez direnek larunbat honetan ospatuko den II. Dantza Egunean informazio mahaia jarriko dute Gure Esku Dago lan taldekoek eta bertan apuntatu ahalko dira. "Larunbateko Dantza Eguna aprobetxatuz, kalean izango gara gu ere. Beraz, metroa edo kamisetaren bat erosi nahi baduzu, Kaxkoan izango gara!", adierazi dute Gure Esku Dago bilgunetik. Gogoan izan, giza-katerako metroa 5 eurotan eskura daiteke. Kamisetak, 1o eurotan dituzte salgai.
Bideo grabaketak, erabakitze eskubidearen alde
Usurbilgo Gure Esku Dagok ekainaren 8an Durango eta Iruñea lotuko dituen giza-katea girotzeko abiatu berri duen ekimena dugu. "Minutuko lana" baino ez da antolatzaileen esanetan, eta animatzera deitzen dituzte usurbildarrak. Egin beharrekoa, oso erraza da; "Ni/gu ere han izango naiz/gara" esaldia esanez (usurbildarron euskalki politarekin) bideoz grabatu zeuen buruak", lan taldetik berri eman dutenez. Eta grabazioak, helbide honetara bidali: usurbilgureeskudago@gmail.com
Bideoak nahi duzuen moduan, lekuan, eta nahi duzuenarekin graba ditzakezue. "Koadrilan, gurasoekin, lehengusuak, aiton-amonak, ilobak, izeba-osabak,... pote bat hartuz, mendian, eskolan, kantu taldean, gaztetxean, dantzan, parkean, haurrekin, pelotan, futbolean, hondartzan, pino egiten... eta okurritzen zaizkizuen guztiak!", diote Gure Esku Dago lan taldetik.
Informazio gehiago: gureeskudago.net