Madeleine, Citizen Kane eta Managaitz taldeak gaur, Usurbilgo Gaztetxean

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 11a, 08:33

Gazte Asanbladak inguruko herrietako hiru musika talde gonbidatu ditu Usurbilgo Gaztetxera, askorentzat oporraldien hasiera izango den ostiral gau honetan. 23:00etatik aurrera, Donostiako Madeleine, Orioko Citizen Kane eta Zarauzko Managaitz taldeek joko dute apirilaren 11 honetan, Alkartasuna Kooperatibaren egoitza ohian. Aurretik, beste talde baten ibileren berri. Gaueko 22:00etatik aurrera, “Nasi Goreng Adiktion”, Diskoira talde zarauztarrak Asian eginiko birari buruzko dokumentala proiektatuko dute.

Gaztetxekoak ere, II. Dantza Egunean
Kontzertu gau honen biharamunean ospatuko da Usurbilgo II. Dantza Eguna. Herrian dantzaren inguruan diharduten taldeen topalekuan bihurtuko da frontoia. Beste hitzorduen artean, larunbat arratsaldeko 17:30etatik aurrera, taldeon emanaldiaz gozatzeko aukera izango da. Partaideen artean, Usurbilgo Gaztetxeko kideek afrikar dantzen emanaldia eskainiko dute pilotalekuan. Apirilaren 12ko saioaren aurrerapen moduan, entsegu saioen bideo bat zintzilikatu dute sare sozialetan: https://www.youtube.com/watch?v=7gm2lW_lXVY