Hondakinak atez ate bildu arren, 5. edukiontzi sistema ere ordaindu behar dela dio San Markok

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 11a, 08:25

"Mankomunitatea ezin da kartarako zerbitzu bat bezala ikusi, udal bakoitzak komeni zaizkion zerbitzuak bere aldetik erabakita. Hondakinen kudeaketari ekitea eta horretarako beharrezkoak diren azpiegiturekin hornitzea ezinezkoa izango litzateke planteamendu horrekin. Kudeaketa-premiak batera eta solidarioki aztertzea izan da betiere mankomunitatearen espiritua, udal bakoitzak bere aldetik hartuta handiegiak izango liratekeen premiei erantzuteko, batez ere udal txikienen kasuan", adierazi du San Marko Mankomunitateko lehendakari Denis Itxasok. 

PSE-EEko ordezkaria modu honetan mintzatu da prentsaurrean, sei udalek Mankomunitatearen aurtengo aurrekontuei helegitea jarriko dietela iragarri ostean. Gogoan izan, Usurbil, Hernani, Astigarraga, Pasaia, Lezo eta Oiartzungo udalek auzitegietara jo dutela. Udalerriotan guztiotan atez ateko bilketa indarrean dago. San Markoren aurrekontuetan jasotakoaren arabera ordea, udalerriok,  atez atekoak eragiten dituen gastuez gain, beste udalerrietan baliatzen duten 5. edukiontziaren sistemako gastuak ere ordaindu behar dituzte. Kalkulua ere egina dute udalok. Milaka euro gehiago ordaindu beharko lituzkete, atez atekoaz gain, edukiontzien sistemak beste udalerrietan eragiten dituzten gastuak euren gain hartu behar balituzte:
-Usurbilek 3.000 euro gehiago.
-Astigarragak, 30.000 euro gehiago.
-Lezok, 35.000 euro gehiago.
-Oiartzunek, 60.000 euro gehiago.
-Pasaiak, 93.000 euro gehiago.
-Hernanik, 114.000 euro gehiago.

Sei udalerriotako alkateek asteazkenean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean eginiko adierazpenen aurrean,  Mankomunitateak aurkezturiko aurrekontuak defendatu ditu Denis Itxasok, bai agerraldian, eta auzitegietan ere gauza bera egiteko prest agertu da. "Gehiengo osoz onartu zen aurrekontu-proiektua, Donostiako, Errenteriako, Lasarteko eta Urnietako ordezkarien babesarekin. Bilkura berean, Usurbilek eta Oiartzunek udalen ekarpenak emandako zerbitzuen arabera finkatzearen alde aurkeztutako zuzenketak baztertu zituen batzarrak, horrek praktikan mankomunitatea desegitea eragingo bailuke, eta udalerri bakoitzaren biztanle kopuruaren arabera finkatu zituen ekarpenak, estatutuek 12. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

Kostuak San Markok ez, sei udalok biderkatu dituztela dio Itxasok. “Kostuak biderkatzen dituen hondakinak kudeatzeko sistema bat nola justifikatzen den argitu beharko diete zenbaitek beren herrikideei”, adierazi du. Atez atekoa duten udalerrietan bilketa kostuak biderkatu dituzte Udalek, Itxasoren hitzetan, "enpresa bat sortu baitute mankomunitatearen eginkizunak betetzeko".