Apirilaren 20an ospatuko den Aberri Egunari begirako ezohiko osoko bilkura deitu dute, ostiral honetarako, apirilak 11, 18:00etan udalbatza aretoan. Bertan, Udalbiltzak udalei eginiko gonbitari erantzunez, “Euskal Herritarrak gara eta ozenki adierazi nahi dugu” izeneko mozioa aurkeztuko dio Usurbilgo EH Bilduk udalbatzari. Euskal herritartasunaren aldeko herri dinamika sustatzeko erabakia plazaratu asmo dute testu honen bidez. Oroimen historikoa berreskuratu eta Herritartasun Agiri Ofiziala sustatzeko konpromisoa hartu nahi da. Herritarrei euskal ikurrak jartzeko deia luzatu nahi zaie. Igande honetan, apirilak 13, Etxarri-Aranatzen egingo den independentziari buruzko herri-galdeketarekin eta ekainaren 8an Durango-Iruñearekin lotuko duen euskaldunon erabakitze eskubidearen aldeko giza-katearekin ere bat egiten du mozioak. Testua, bere osotasunean, ostiral arratsaldeko ezohiko osoko bilkuran irakurri, aztertu eta bozkatuko dute udal ordezkariek.
Euskal ikurrekin agertzeko deia
Herritarrak ikurrinak eta Nafarroako banderak eskutan, ostiral honetan burutuko den ezohiko osoko bilkurara joatera deitzen ditu Usurbilgo EH Bilduk. Osoko ohiko bilkura ostean, taldeko argazkia aterako da udaletxe atarian.