Euskal Herritarrak garela ozenki adierazi nahi izan du Usurbilgo udalbatzak, gaur arratsaldean burutu den ezohiko osoko bilkuran. Apirilaren 20an ospatuko den Aberri Egunari begira, aztertua eta onartua izan zedin, Udalbiltzak udalei luzatua zien mozio proposamena bere egin du udal ordezkarien gehiengoak. EH Bilduko zinegotziek testuaren alde bozkatu dute, EAJ-PNVko ordezkaria abstenitu da. PSE-EE eta Hamaibakat taldeetako ordezkariak ez dira osoko bilkuran egon. Gehiengo osoaren babesa jaso duen euskal herritartasunaren aldeko bost puntuko testuak, honela dio:
1.- Euskal Herritarrak garela adierazteko garaia heldu dela eta ozenki esan nahi dugulako, Euskal Herritartasunaren aldeko herri dinamika sortzeko eta sustatzeko deia luzatzea erabaki dugu.
2.- Kaleetan zein eraikuntza publiko eta partikularretan Euskal ikurrak jartzeko gonbidapena luzatzen dugu honen bidez. Zer ez garen baino, garena eta sentitzen duguna ikurren bidez publikoki adierazteko gonbidapena luzatu nahi diogu herritar orori.
3.- Zer garen gaur, iragana ezagutu gabe oso zaila delakoan, aitzineko zein garaikidea den oroimen historikoa berreskuratzeko konpromisoa hartzen dugu. Hala ere, iragana baino gehiago, oraina eta -batez ere- etorkizunari erreparatu nahi dugunez gero, kultur, hizkuntz eta identitate aldetik anitz eta aberatsa sortzen ari den Euskal Herri berri honi so egiten diogu. Horregatik, atxikimendu librean oinarriturik, Herritartasun Agiri Ofizialaren beharra aldarrikatu, eta ekimen bateratua, ofiziala eta eraginkorra sortzeko konpromisoa adierazi nahi dugu.
4.- Independentziari buruz Etxarriko herriak apirilaren 13an burutuko duen herri kontsultari erabateko babesa adierazi nahi diogu. Erabakitzeko eskubidearen ariketa demokratiko praktikotzat jotzen dugu eta zentzu honetan bere zilegitasuna aitortu nahi dugu.
5.- Zentzu berean eta arrazoi berdinengatik, “Gure esku dago” herri ekimenak ekainaren 8rako antolatu duen Iruñea eta Durangoren arteko giza katean parte hartzeko deia, eta oro har, “Gure esku dago” herri dinamikari erabateko babesa adierazi nahi diogu.
Mozioa, bere osotasunean, hemen: AberriEgunerakomozioa
Udal ordezkari eta herritarrek Aberri Egunari begirako taldeko argazkia atera dute udaletxe aurreko plazan, ezohiko osoko bilkura amaitu berritan.