Zumba, euskal eta afrikar dantzak, Tximeleta taldeko ikasleen erakustaldia, batukada feministarekin kalejira, dantza-kantu jira berezia, ikuskizun berri baten estreinaldia... Jaialdi oparoa prestatu du Usurbilgo Dantza Taldeak, hainbat eragile eta herritarrekin elkarlanean, larunbat honetarako, apirilaren 12rako. Parte hartze aldetik, bigarren edizio hau, iazkoa baino jaialdi handiagoa izango dela iragarri dute antolatzaileek. Aipaturikoa ilustratzeko pare bat datu. Gaur arratsaldean herriko dantza taldeek frontoian eskainiko duten emanaldian, 130 dantzari espero dira. Eta gauean estreinatuko den "Sustrai bereko adarrak" ikuskizunerako, musikari eta dantzari artean, 80 bat lagun arituko dira pilotalekuko oholtzan. Emanaldi honen inguruko entsegu saio orokorra egin zuten aurreko asteburuan, prestaketa lanen egoitzan bihurtu duten Udarregi Ikastolako erdiko aretoan. Azken hilabete hauetan gogotsu lantzen aritu diren emanaldia plazaratzear dute.
Kalejira bana, batukada feminista eta Kantu-Taldekoekin
Apirilaren 12ko II. Dantza Eguna ordea, eguerdian abiatuko da, urte hasieran osatu zen batukada feminista taldeak Kaxkoan burutuko duen kalejirarekin. Martxoaren 22ko Gure Esku Dago Egunean eskaini zuten lehen aldiz, jendaurreko lehen emanaldia. Arrakastatsua izaten ari da, herriko plaza eta kaleetako bizitza publikoan, emakumeen parte hartzea sustatu asmo duen ekimena. Adin tarte desberdinetako emakumeak bildu ditu taldeak.
Batukada feministakoekin batera, bigarren kalejira bat ospatuko da afalaurretik; dantza-kantu jira berezia. Musikari, kantuzale eta Muxikoekin. Aipatu baita, egunean zehar, Tximeleta gimnasia erritmikoko taldeen topaketak ospatuko direla Oiardo Kiroldegian. Gauerako erreserbatu dute antolatzaileek, eguneko ekitaldi nagusia. 22:ooetatik aurrera frontoian, "Sustrai bereko adarrak" ikuskizunaren estreinaldia. Dantzari eta musikari artean, belaunaldi desbedinetako 80 lagunetik gora pilotalekuko oholtza gainean. II. Dantza Eguneko agenda osoa, hemen:
Apirilak 12, larunbata
Eguerdian, batukada kaleetan zehar.
17:30 Usurbilgo Talde desberdinen dantza erakustaldia.
Partehartzaileak:
- Tximeleta Soinketa Erritmikoko Taldea.
- Gaztetxeko Dantzariak.
- Warda irakaslearen taldea.
- Zumba Taldea.
-Usurbilgo Dantza Taldea.
19:00 Dantza-kantu jira, frontoitik abiatuta.
22:00 “Sustrai bereko adarrak” ikuskizuna frontoian. The Hastelen´s Taldea, Zumarte abesbatza, Ixabel Agirresarobe eta Usurbilgo Dantza Taldeak elkarlanean sortutako ikuskizuna. 50 dantzari taula gainean ikusteko aukera.
Antolatzailea: Dantza Taldea.
TXIMELETA SOINKETA ERRITMIKOKO TALDEEN TOPAKETA, OIARDO KIROLDEGIAN
10:00-11:00 Benjaminak: pelota eta uztaia.
12:20-13:20 Alebin eta infantilak: txapelketa. Mazoak-uztaia, xingola-pelota, uztaia bakarka.
13:20-13:30 Sari banaketa.
16:20-17:30 Benjaminak: pelota eta uztaia.