Alkartasuna kooperatibaren egutegian, biodinamikaren inguruko datuak Xabier Akizuk idazten ditu. Apirilaren 26an larunbata, ikastaroa eskainiko du Potxoenean. Ilargiaren eraginaz hitz egingo du eta, bide batez, egutegi biodinamikoa ondo erabiltzeko azalpen zehatzak eskainiko ditu. Ikastaroa Potxoenean izango da, ordutegi honetan: 9:00-14:00. Prezioa, 5 euro. Alkartasunako bazkideentzat ordea doan izango da.
NOAUA! Ikastaro honetan aholku batzuk ere emango dituzue. Zein da helburua?
Xabier Akizu. Landareetan ilargiaren eragina zertan oinarritzen den argitzea. Eragin horiek datu astronomikoetan oinarritzen dira, estadistikoki konprobatuta dauden datuetan. Hori izango da helburuetako bat, azalpen horiek ematea. Eta bestetik, egutegi biodinamikoa erabiltzeko azalpen zehatzak emango ditugu. Beraz, ikastaroa praktikoa ere izango da.
Ilargiaren eraginaz hitz egingo duzu.
Baina horrelako ikastaroetan lehenbizi azpimarratzen dut lurra eta arbola zaintzea dela inportanteena. Bere garaian, eta behar bezala. Eta ilargiaren edo goitik datozkigun eragin horiek nolabait gehigarri bat direla. Nola egite horretan akats bat egiten badugu, noiz egiteak –alegia, gora begira egoteak– ez digu asko lagunduko.
Egutegi biodinamikoan, ilargia eta beste planetekiko kokapena hartzen da kontuan.
Ilargia gertuen dugun astrorik nagusiena da. Nahiz eta txikia izan, gertutasun horrek izugarrizko garrantzia dauka, eragina askoz handiagoa duelako. Eragin batzuk, ilgorarenak eta ilbeherarenak, hau da noiz erein eta noiz aldatu, lurra eta ilargiaren arteko harremanean oinarritzen dira.
Eragile bada ilargia, baina baita bitartekari ere.
Hori da. Jasotzen duen informazioaren arabera, landareak garatzen du fruitua edo lorea edo hostoa... Eta informazio hori ilargiaren bidez jasotzen du. Baina informazio hori ez datorkio ilargitik, baizik eta urrutiagotik. Urrutiagoko horiek dira zodiakoaren konstelazioak. Urrutitik datorren informazioa da baina ilargiaren bidez edo ilargiak polarizatuta jasotzen duguna. Eta landareak zuzen zuzenean jasotzen duena.
Planeta bakoitzak ere badu bere eragina, eta badira jokoan diren beste elementu batzuk, baina nagusiki horiek dira.