Udalbiltzaren mozioa aurreko astean onartu zen Usurbilen, ezohiko udalbatza pleno batean. Beste 67 udalek eman diote babesa Udalbiltzaren mozioari. "Euskal Herritarrak garela adierazteko garaia heldu dela eta ozenki esan nahi dugulako, Euskal Herritartasunaren aldeko herri dinamika sortzeko eta sustatzeko deia luzatzea erabaki dugu", dio mozioak. "Kaleetan zein eraikuntza publiko eta partikularretan Euskal ikurrak jartzeko gonbidapena luzatzen dugu honen bidez. Zer ez garen baino, garena eta sentitzen duguna ikurren bidez publikoki adierazteko" gonbidapena luzatu nahi diete herritar orori. Hauxe da mozioak bere osotasunean jasotzen duena.
Udalbiltzak, era berean, udal hautetsi dei egin die apirilaren 20an antolatu duen ekitaldi instituzionalean parte har dezaten. Goizeko 10:30ean egingo da, Iruñeko udaletxe plazan. Bertan, Euskal Herriko ikurrak jasoko dituzte eta Aberri Egunaren karietara onartutako ebazpenaren berri emango dute.
‘Euskal Herritarrak gara eta ozenki adierazi nahi dugu’
Aturritik Ebrora eta Enkarterrietatik Auñamendira, Pirinioetako bi aldeetan 685 udalerrietan bizi garen 3 milioi euskal herritarren gehiengoak, gure hizkuntza, kultura, edo jatorria edozein izanik ere, Euskal Herritar gisa bizi nahi dugu. Gure eskubide zibil eta politiko barne, Nazioarteko Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaletik eratortzen diren eskubide guztien jabe bizi nahi dugu Euskal Herri osoan.
Baina hori, zoritxarrez ez da gaur guk pairatzen dugun errealitate politiko administratiboa. Euskal Herria estaturik gabeko herri bat da, eta gu, euskal herritarrok gure borondatearen gainetik, ofizialki frantziarrak edo espainiarrak izatera beharturik gaude. Gure udalerriak 2 estatuetan sakabanaturik daude. Alde batetik, Ipar Euskal Herriko 159 udal Frantziako Errepublikako Akitania izeneko erregioaren Pirinio Atlantikoetako departamentuaren barruan daude, Biarnoarekin batera diluiturik, inolako aitortza politiko administratiborik gabe. Bestetik, Espainiako Erresuman administratiboki kokatzen dira beste 526 udal. Hurrenez hurren: 272 Nafarroako Foru Komunitate izeneko Autonomia elkargoan, 251 Euskadiko Autonomia Elkargoan, bi Gaztela-Leongo Autonomia elkargoko Burgos Probintzian eta azken bat Kantabriako elkargo autonomoan.
Errealitate hori ez da Euskal Herritarrek libre eta demokratikoki erabaki egin duguna, gerra eta konkistaz beteriko historiaren ondorioa baizik. Errealitate hori era demokratiko batean aldatzeko, Euskal Herriko udalek lan aitzindaria eta garrantzitsua egin dute historikoki. XX. mendean adibidez, horren lekukoa da 1931. urteko Lizarrako estatutua, 1976. urteko Bergarako alkateen mugimendua edo Ipar Euskal Herriko 1999. urtean Euskal Departamenduaren alde egindako aldarrikapen eta mobilizazioak.
XXI. mendea hastear zegoelarik Euskal Herriko udal eta Udal hautetsien Biltzarra, Udalbiltza, beste mugarri esanguratsua izan zen.
2014. urte honetan abagune berezia ari gara bizitzen. Begi bistan daude kontrako eta aldeko faktoreak. Alde batetik, nabaria da Espainia eta Frantziaren ezezko iraunkorra... Baina han daude ere Europako estatu berrien sorrera, Katalunia eta Eskoziaren autodeterminaziorako erreferendumak edo ‘Gure esku dago’ bezala, Euskal Herrian sortzen ari diren herri ekimen arrakastatsu berriak edo itxaropentsuak izatera bultzatzen gaituen Independentziari buruzko Etxarriko herri kontsultak.
Horregatik, Euskal Herriaren egunaren bezperetan, Euskal Herritarren egunera hurbiltzen ari garenean, aurreko guztia aintzat hartuz, Usurbilgo herriko udalak Aberri Egunerako ez ohiko osoko bilkura honetan, hurrengoa adierazi nahi du:
1.- Euskal Herritarrak garela adierazteko garaia heldu dela eta ozenki esan nahi dugulako, Euskal Herritartasunaren aldeko herri dinamika sortzeko eta sustatzeko deia luzatzea erabaki dugu.
2.- Kaleetan zein eraikuntza publiko eta partikularretan Euskal ikurrak jartzeko gonbidapena luzatzen dugu honen bidez. Zer ez garen baino, garena eta sentitzen duguna ikurren bidez publikoki adierazteko gonbidapena luzatu nahi diogu herritar orori.
3.- Zer garen gaur, iragana ezagutu gabe oso zaila delakoan, aitzineko zein garaikidea den oroimen historikoa berreskuratzeko konpromisoa hartzen dugu. Hala ere, iragana baino gehiago, oraina eta -batez ere- etorkizunari erreparatu nahi dugunez gero, kultur, hizkuntz eta identitate aldetik anitz eta aberatsa sortzen ari den Euskal Herri berri honi so egiten diogu. Horregatik, atxikimendu librean oinarriturik, Herritartasun Agiri Ofizialaren beharra aldarrikatu, eta ekimen bateratua, ofiziala eta eraginkorra sortzeko konpromisoa adierazi nahi dugu.
4.- Independentziari buruz Etxarriko herriak apirilaren 13an burutuko duen herri kontsultari erabateko babesa adierazi nahi diogu. Erabakitzeko eskubidearen ariketa demokratiko praktikotzat jotzen dugu eta zentzu honetan bere zilegitasuna aitortu nahi dugu.
5.- Zentzu berean eta arrazoi berdinengatik, ‘Gure esku dago’ herri ekimenak ekainaren 8rako antolatu duen Iruñea eta Durangoren arteko giza katean parte hartzeko deia, eta oro har, ‘Gure esku dago’ herri dinamikari erabateko babesa adierazi nahi diogu.