Txirrindularitza egokituari dagokion Munduko Txapelketa jokatu berri da Mexikon. Espainiako selekzioarekin hartu du parte Amador Granados usurbildarrak. Ez du berehalakoan ahaztuko apirilaren 13a. Egun horretan, munduko txapeldun bihurtu baitzen abiaduran, taldekako proban. Hori gutxi balitz, munduko errekorra ezarri zuten, 49.268 segundutan osatu zutelako proba Alfonso Cabellok, Eduardo Santasek eta Amador Granadosek berak. Txinako selekzioa izan zen bigarren, segundu batera. Atzo igorri zigun argazki honetan, munduko txapeldunaren maillota darama soinean, eta urrezko domina.
Erreleboka, Eduardo Santasek egin zuen lehen txanda, bigarren Amador Granados izan zen eta azken txanpa Alfonso Cabellok osatu zuen. Felix García Casas Espainiako entrenatzaileak Amador Granadosek egindako lana azpimarratu zuen lasterketa amaitu eta berehala, bere twitter kontuan.