II. Sagastiak Loretan zikloko lehen ikastarorako izen ematea zabalik

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 22a, 11:05

"Egutegi biodinamikoa eta ilargiak nekazaritzan duen eragina. Noiz erein, landatu, ongarritu eta kimatu? Uzta hobetzeko kosmosaren eragina baliatu" ikastaro teoriko eta praktikoa antolatu da larunbat honetarako, apirilaren 26rako, 9:00-14:00 artean Potxoenean. Xabier Akizuk zuzenduko du saioa. Izen ematea zabalik dago. Interesdunak 5 euroren truke apunta daitezke, Alkartasuna Kooperatibako bazkideak doan. Izena kooperatiban bertan eman beharko da. Deitu bestela, 943 361 114 telefono zenbakira edo idatzi alkartasuna@usurbil.com helbidera.

Ikastaro honi buruzko zehaztasun gehiago, apirilaren 11n kaleratu genuen astekarian dituzue; http://www.noaua.eus/wp-content/uploads/2014/04/570web.pdf 

Sagardo Eguna, maiatzaren 18an
Saio teoriko eta praktiko honekin abiatuko dugu Usurbilen, II. Sagastiak Loretan ospakizuna. Iaz bezala, Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak, Alkartasuna, Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba, Noaua Kultur Elkartea, Usurbilgo Sagastia E.M., Usurbilgo Gazte Asanblada, Sagardoaren Unibertsitatea, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea, eragile guztion elkarlanarekin osatu da, apirila amaieran hasi eta ekaina hasierara arte luzatuko den zikloa. Sagardo dastatze gidatuak, inausketa ikastaroa edota dantza eta musika uztartuko dituen emanaldi bat aurreikusten dira. Eta noski, berdez margoturik ageri zaigun usurbildarren egun handia ere, ziklo honen baita ospatuko da; XXXIII. Sagardo Eguna. Aurten, maiatzaren 18an.