Kilometroak 2015erako laguntzaileak behar dira

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 22a, 12:40

2015ean Usurbilen ospatuko den Kilometroak jaialdirako eta egun horren aurretik, urtean zehar bideratu beharko diren prestaketa lan eta ekimenetarako herritarren laguntza behar du Udarregi Ikastolak. Hainbat lan batzorde osatu asmo dituzte, ardura hauei guztiei heltzeko. Jarraian zerrendatuak ageri diren taldeotan parte hartzera animatzen dituzte herritarrak. Lanean hasteko izen ematea ireki dute jada. Udarregi Ikastolako web orrian sartzen bazarete (udarregi.com), bertan dagoen apuntatzeko inprimakia beteta eman dezakezue izena. Edota datorren astelehenetik, apirilaren 28tik aurrera, Udarregi Ikastolako idazkaritzara deituta, 943 36 12 16 telefono zenbakira. 

Honako hauek dira, Usurbilgo Kilometroak 2015 jaialdia antolatzeko osatu nahi diren lan taldeak eta taldeotako bakoitzak izango dituen zereginak:
· Ekonomia: komertzialak eta ideia eta ekimen handiko jendea (kontuak eraman eta, batez ere, dirua lortzeko egitasmoak antolatu).
· Salmenta: dendan saltzaile izateko, biltegiko materialaren kontrola eramateko eta egun berezietan eta asteburuetan irteerak, Gipuzkoako herrietan salmenta postua jartzeko.
· Osasuna/prebentzioa: erizainak… (asistentzia eta larrialdiak).
· Garbitasuna: ekitaldi eta eguneko garbiketa lan-taldeak osatu, komunen gestioa… (urte osoan zehar eta egunean bertan).
· Komunikazioa: web orria, aldizkaria, komunikabideekin elkarlana, kartelak, argazkiak, eguneko megafonia.
· Zirkuitoa: ibilbidea zehaztu, beste lan-taldeekin koordinatu.
· Trafikoa: udaltzainak, segurtasun arduradunak, garraiolariak, … (seinaleak, aparkalekuak, autobusen antolaketa).
· Muntaketa: argiketariak, igeltseroak, iturginak, kamioilariak… (dendako konponketak, karpak, barrak, eskenatokiak muntaketa…).
· Ikuskizunak: ikuskizunetan aritzen den jendea, teknikariak… (urtean zehar eta eguneko egitaraua zehaztu).
· Txosnak: tabernariak, sukaldariak…(antolaketa, jakiak eta edariak zehaztu, eskariak egin…).
· Giza baliabideak: beharrak zehaztu eta izen-emateak bideratu.
· Protokoloa: erakundeetako ordezkaritzarekin harremanak.
· Segurtasuna: segurtasun plana.
· Ikasle Batzordea: 18 urtetik beherakoekin osatutako batzordea, ekimen ezberdinak.
· Erronka: Gipuzkoako Ikastoletako DBH3 eta DBH4 mailetako gazteentzako lehiaketa antolaketa.

Kide berriak, Artezkaritza Kontseilurako eta Zaintza Batzorderako
Ekainaren 1ean ospatuko den Ikastola Egunaren atarian, urteko batzar orokorra deitu du Udarregi Ikastolak. Batzar honetan, Artezkaritza Kontseilua eta Zaintza Batzordea berritu asmo dituzte. Web orritik ohartarazi dutenez, "estatutuak dioenari jarraituz, Artezkaritza Kontseiluko eta Zaintza Batzordeko partaide berri bina izendatu behar dira". Artezkaritza Kontseilukoak hiru urterako, Zaintza Batzordekoak bi urterako. Artezkaritza Kontseilua, "kooperatibaren ordezkotza, gobernu eta gestio organoa da, eta bere eskumenez gain, Legeak edo Estatutu hauek berariaz beste organo sozialei esleitzen dizkietenak izan ezik, gainerako zer egin guztiak beteko ditu". 

Zaintza Batzordearen funtzioetako bat, "Batzar Orokorrari aurkeztu baino lehen, urteko kontuak ikuskatzea da". Bi batzordeotarako hautagaitzak aurkezteko gonbita luzatzen dute Udarregitik. Interesdunek, maiatzaren 23ra arteko epea dute ikastolako zuzendaritza edo idazkaritzara gerturatu eta izen emateko.