Futbito txapelketan izen emateko epea ostiralera arte

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 23a, 11:56



Bueltan da, Usurbilgo Gaztetxeak, Usurbilgo Udalaren eta Usurbilgo Gazte Asanbladaren laguntzaz antolaturiko Futbito Txapelketa. 2014ko edizioan izen emateko ostiralera arteko, apirilaren 25era arteko epea dago, Irrati tabernan. Neska eta mutilen liga bana antolatu dute. Taldeek gutxienez zazpi jokalariz osaturikoak eta jokalariek beranduenez 1997. urtean jaioak edo zaharragoak izan beharko dute. Talde bakoitzak 50 euro ordaindu beharko ditu apuntatzerakoan, eta talde kide guztien NAN fotokopiak aurkeztu beharko dira. Antolakuntzatik nabarmendu dituzten pare bat ohar; batetik, "taldean apuntatua dagoen jokalariak bakarrik jolas dezake". Jokalari batek ezingo du gainera, bi taldeetan egon.

Eta bigarrenik, "adi! Aurten ez da onartuko jarrera desegokirik!". Ildo beretik, "epaileak txartel gorria atera dezake, jokalari bat jokoz kanpo utziz jardunaldi horretarako". Neurketak arbitratzeko ardura ere taldeen artean partekatu beharko da. Erantzunkizun honi uko egiten dionak, "arbitratzera azaltzen ez den taldeari 2 puntu kenduko zaizkio", ohartarazten dute antolatzaileek. Gainerakoan, "irabazitako partidagatik, 3 puntu emango dira. Berdinketagatik berriz, puntu 1".