Endika Abril Errebote Txapelketako final handia igandean Villabonan

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 24a, 11:21



Eguraldi txarragatik bitan atzeratu behar izan duten errebote txapelketako final handia, igande honetarako, apirilaren 27rako iragarri dute, goizeko 11:00etan Villabonako Errebote Plazan. Halere, antolakuntzak ohartarazi duenez, "eguraldiak hala uzten badu bederen, eguraldi txarrarekin eta plaza bustita badago bertan behera geratzeko arriskua baitago". 

Zubieta heldu zen final handi honetara. Endika Gartzia, Jon Argote eta Imanol, Josu eta Joseba Aizpurua anaiak, Donibane Lohitzuneko Luzaz Gazte taldekoekin lehiatu beharko dira, berezia izango den edizio honen azken neurketan. Mende erdia bete baitu txapelketak, 50 urte. Antolatzaileen esanetan, urtemuga honen harira, " hau ospatzeko, urte hauetan txapeldun izan diren talde guztiak gonbidatu ditu Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF)". Lan kontuengatik eta lesioak tarteko, talde batzuk parte hartu ezinik geratu dira. Baina Lapurdi eta Gipuzkoako hiruna talde bildu ditu txapelketak:
-Baigorriko Zaharrer Segi.
-Uztaritzeko Kapito Harri.
-Donibane Lohitzuneko Luzaz Gazte.
-Zubieta.
-Villabonako Behar Zana.
-Oiartzungo Txost.