Errenta Aitorpenari loturiko Buruntzaldeko lehiaketan parte hartzeko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 24a, 08:35

Buruntzaldeko udalek antolatu dute, martxan jarri berri duten kanpainaren baitan. Parte hartu nahi duzuenok, sartu Facebook-en, Buruntzaldea Euskaraz orrialdean. Galdera bati erantzutea proposatzen dute: “Errenta aitorpena egitea egokitzen zaigun honetan, ba al dakizu zer esan nahi duten sigla hauek? Deszifra itzazu: BEZ, JRZ, IFK, PFEZ, OHZ”.

Ostiral hau, apirilaren 25a baino lehen, galdera zuzen erantzuten dutenen artean, bi sari zozketatuko dira. Batetik, ekainaren 7an Andoaingo Bastero kultur gunean Benito Lertxundik eskainiko duen emanaldirako 2 sarrera. Eta bestetik, Astigarragako Ipintza sagardotegian 2 lagunentzako bazkaria edo afaria.

Errenta aitorpena, euskaraz egiteko gonbita
Ogasunarekin iazko diru kontuak argitzeko unea heldu da. Abian da 2013ko Errenta Aitorpenari loturiko kanpaina. Usurbilgo Udalak diru kontuak euskaraz argitzeko gonbita luzatzen die herritarrei. UEMA eta Buruntzaldeko beste udalekin batera, beste urtez batez, alor honetan euskararen erabilera sustatzeko kanpaina abiatu du. Egitasmo honek, bere baitan hartzen ditu herritarrak, erakundeak eta banketxe zein artezkaritza zerbitzuak eskaintzen dituzten guneak. Tokiotara egitasmo honetan parte hartzera gonbidatzeko gutunak bidali ditu Udalak. Eta herritarrek gai honi buruzko behar beste informazio eskura izan dezaten, etxeetara errenta aitorpena euskaraz egiteko esku orriak banatu dituzte. 

Eta adi, autolikidazio proposamena jaso duzuenok, Internet bidez onarpena ematerakoan, laukitxo batean klik eginda, aurrerantzean Ogasunarekiko hartu emanak euskaraz edo erdaraz izatea nahi duzuen, hautatu ahal duzue eta.

Euskararen erabilera, mantso baina gorantz
Errenta Aitorpena euskaraz egitea erabakitzen duen herritar kopurua gorantz doa azken urteotan. Buruntzaldeko udalek bildutako datuen arabera, 2009koa 544 usurbildarrek egin zuten euskaraz, 635ek 2011koa eta 681ek 2012koa. Urteko 3.300-3.400 herritarrek errenta aitorpen egin dutela aintzakotzat hartuta, zifra baxuak dira, baina pixkanaka gorantz doazenak. Ehunekoetan argiago ikus liteke; 2009ko errenta aitorpenen %15,88 euskaraz egin zen Usurbilen; %18,74 2011koan eta %20,42 2012koan.

Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte eta Urnietako datuekin alderatuta, usurbildarrak dira alor honetan euskararako joera gehien dutenak. Buruntzaldeko bataz bestekoari erreparatu besterik ez dago; %9,95etik %12,34ra igo da bailaran, errenta aitorpena euskaraz egin dutenen ehunekoa, 2009-2012 artean.

Kanpaina martxan
Ogasunarekin diru kontuak argitzen hasteko garaia heldu da beste behin. Usurbilgo Udaletik, Buruntzaldetik eta UEMA-tik Errenta Aitorpena geure ama hizkuntzan, euskaraz egitera animatzen dituzte herritarrak. Ez ahaztu abian den kanpainako egutegia:
-Autolikidazio proposamenak onar daitezke. Jasotako autolikidazio proposamena onartu nahi ez dutenek, errenta aitorpena egiteko hitzordua eskatu beharko dute.
-2014/04/10-2014/06/06: errenta aitorpen mekanizaturako hitzorduak eskatzea.
-2014/04/11-2014/06/25: errenta aitorpena aurkeztu eta onartzea.

Informazio gehiago: gipuzkoa.net/ogasuna/errenta/ edo 902 100 040.