Bizi dugun une historiko honi aurre egiteko irtenbide propio bat proposatzen du LAB sindikatuak, "gaurko egoera larriari buelta ematea ekarriko duen hautu politiko bakarra"; burujabetza politiko, ekonomiko eta soziala. "Guri dagokigu erabakitzea nola sortu, banatu eta antolatu nahi dugun aberastasuna Euskal Herrian. Hor dago irtenbidea", adierazi du Buruntzaldeko LAB sindikatuak, ate joka dugun Langileen Nazioarteko Egunari begira egin duen agerraldian.
Mezu honen bueltan antolatu dituzte maiatzaren 1erako mobilizazioak, langileen erabakitze eskubidearen inguruan. LAB sindikatuarentzat, burujabetza prozesuko giltza da erabakitzeko eskubidea, "langilearen protagonismoa eta parte hartzea prozesuaren berma".
Egun bizi dugun egoerari aurre egiteko sindikatutik proposatzen duten irtenbidea, Langileen Egunerako deitu dituzten mobilizazioetako aldarrian islatzen da. "Langileok erabaki, Euskal Herriak erabaki dezan!", hauxe LAB-etik maiatzaren lehenerako hautatu duten leloa. Egun horretarako deialdiei dagokionez, Buruntzaldea mailako manifestazioa deitu dute Hernanin. Maiatzaren 1ean, eguerdiko 12:00etan abiatuko da, Gudarien Plazatik.
"Krisia iruzur handi bat da"
Egungo egoeraren salaketa ere kalera eraman nahi du datorren ostegunean, LAB sindikatuak. Indartzen ari diren bi iruzur salatu nahi dituzte mobilizazioetan; hazkunde ekonomikoaren iruzurra eta "erabakitzeko eskubidearekin egin nahi diguten iruzurra". Hazkunde ekonomikoari dagokionez, "Euskal Herrian ekonomia ez da indartzen eta handitzen ari", LAB sindikatuak ohartarazi duenez. Eta bide beretik jarraituko dugu, diotenez, ezin baita ekonomia indartu, pobrezia eta prekarietatearen gainean, ekonomia erreala suntsitu eta zerbitzu publikoak murrizten ari direnean.
Krisia iruzur handi bat dela gogorarazten dute LAB-etik; egungo egoera baliatuz, "erreforma estrukturalak burutu eta inposatu dizkigute", "espekulatzaileek negozioa egiten jarraitzeko bide berriak aurkitu dituzte", eta krisia sortu dutenek euren mesedetarako baliatu dute izan duten erabakitze ahalmena, sindikatukoen esanetan.
Erabakitze eskubidearen inguruan hain zuzen, aldaketak egin beharrak daudela diote, "bai ala bai". "Nork eta non hartzen dituen erabakiak", hortxe dago LAB-en ustez, gako nagusietako bat.