Herriko taldeen kontzertu gaua larunbatean, Akerra Gaztetxean

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 25a, 08:43

Musika doinuz blaituko da Txokoaldeko gaztetxea, larunbat gaueko 23:00etan hasita. Desegin, Arto2xar, Despervicio eta Odolaren Mintzoa taldekoen erritmo biziez gozatu ahal izango dute, Akerrara gerturatzen diren guztiek. 

Su Ta Gar, maiatzaren 24an Aginagan
Musikaz blai datozkigu datozen asteak ere. Bi larunbatez behin, kontzertu gau bana izango dugu Txokoalden, Usurbilen eta Aginagan. "Bizirik gaude" diskoa aurkezteko kontzertu biraren baitan, Aginagan geldialdia egingo du Su Ta Gar taldeak hilabete barru. Kontzertua eskainiko dute, maiatzaren 24an, gaueko 23:00etatik aurrera Aginagan. Azken hilabete hauetan Bartzelonan, Zaragozan edota Ourensetik barrena ibili den taldea, Euskal Herrira dator lan berria plazaratzera. Taldearen inguruko informazio gehiago: SuTaGar

Su Ta Gar taldekoekin batera, beste bi taldeek ere kontzertua eskainiko dute, maiatzaren 24an Aginagan. Legez Kanpo eta Usurbilen osatu berri den Izeberg taldeak. Kontzerturako sarrerak aurrez eskura daitezke 8 eurotan, Aitzagan, Aginagako Arrate Elkartean, Lasarteko Ilargin edo Orioko Kalakarin.

Izeberg-ek joko du Aginagan, aipatu moduan. Grabatu berri duen lehen diska lehenago aurkeztuko du, maiatzaren 10ean, 23:00etatik aurrera Usurbilgo Gaztetxean. Materia gris eta Pariak bai taldeak ere kontzertu gau berean izango dira. 

Aipaturikoa, hiru kontzertu gau ditugu datozen asteotan:

Apirilak 26, larunbata
23:00 Kontzertu gaua Txokoaldeko Akerra Gaztetxean: Desegin, Arto2xar, Despervicio eta Odolaren Mintzoa.

Maiatzak 10, larunbata
23:00 Kontzertu gaua Usurbilgo Gaztetxean: Izeberg taldearen disko berriaren aurkezpena, Materia gris eta Pariak bai.

Maiatzak 24, larunbata
23:00 Kontzertu gaua Aginagako Eliza Zaharrean: Su Ta Gar, Izeberg eta Legez Kanpo.