Joan Mari Torrealdai, ".eus" domeinuen sustatzaileetako bat

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 28a, 13:05

Martxan da sarean, ".eus" domeinua duen lehen web orrialdea: www.domeinuak.eus Une honetatik aurrera, domeinu hau hedatzeko prozesua abiatuko du, Joan Mari Torrealdai usurbildarra kide duen PuntuEus Fundazioak. Hiru zatitan antolatu dute prozesu hau. Lehenik, 90 aitzindarik parte hartuko duten fasea zabaldu berri dute. ".eus" domeinua izan nahi duten euskara eta euskal kultura sustatzen duten norbanako, erakunde, enpresa edota hedabide interesdun orok, proposamena aurkezteko aukera du maiatzaren 30era arte. "Jasotako proposamen baliagarri guztien artean, PuntuEus Fundazioak, gehienez, 90 .EUS Domeinu-izen Aitzindari hautatu eta aktibatuko ditu ekainaren 21ean", adierazi dute fundaziotik. Deialdi honi loturiko baldintzen inguruko informazioa, dokumentu honetan duzue: 90 aintzidariak

Sei hilabetez, ikusgarri egongo diren domeinu-izen bakarrak izango dira. Abiarazte aldia dator gero, ".eus" komunitateari ertsiki lotutako elkarte, enpresa eta instituzio publikoen domeinu izenei bideratua egongo dena. Abenduaren 3ko Euskararen Egunean emango zaio hasiera, hirugarren eta azken faseari. Domeinua publiko orokorrari irekiko zaio.

Informazio gehiago: www.domeinuak.eus