Buruntzaldea mailako manifestazioa deitu dute Hernanin, ostegun honetarako, maiatzaren 1erako. Eguerdiko 12:00etan abiatuko da, Gudarien Plazatik, "Langileok erabaki, Euskal Herriak erabaki dezan!" lemapean. Ondoren, ekitaldia egingo da Ezkiaga pasealekuan (Tilosetan).
Bizi dugun egoera gainditzeko irtenbide propio bat proposatzen du LAB sindikatuak; burujabetza politiko, ekonomiko eta soziala. "Guri dagokigu erabakitzea nola sortu, banatu eta antolatu nahi dugun aberastasuna Euskal Herrian. Hor dago irtenbidea", dio sindikatuak Buruntzaldean duen ordezkaritzak. Burujabetza prozesuko giltza da erabakitzeko eskubidea LAB-entzat, eta "langilearen protagonismoa eta parte hartzea prozesuaren berma". Mezuon bueltan antolatu dituzte maiatzaren 1erako mobilizazioak.
"Krisia iruzur handi bat da"
Bizi dugun egoera salatu nahi dute baita maiatzaren lehenean. Indartzen ari diren bi iruzur salatu nahi dituzte mobilizazioetan; hazkunde ekonomikoaren eta "erabakitzeko eskubidearekin egin nahi diguten iruzurra". Hazkunde ekonomikoari dagokionez, "Euskal Herrian ekonomia ez da indartzen eta handitzen ari", LAB sindikatuak gezurtatzen duenez. Eta bide beretik jarraituko dugu, diotenez, ezin baita ekonomia indartu, pobrezia eta prekarietatearen gainean, ekonomia erreala suntsitu eta zerbitzu publikoak murrizten ari direnean.
Krisia iruzur handi bat dela gogorarazten dute LAB-etik; egungo egoera baliatuz, "erreforma estrukturalak burutu eta inposatu dizkigute", "espekulatzaileek negozioa egiten jarraitzeko bide berriak aurkitu dituzte", eta krisia sortu dutenek euren mesedetarako baliatu dute euren erabakitze ahalmena, sindikatukoen esanetan.
Erabakitze eskubidearen inguruan hain zuzen, aldaketak egin beharrak daudela diote, "bai ala bai". "Nork eta non hartzen dituen erabakiak", hortxe dago LAB-en ustez, egungo egoera iraultzeko gakoetako bat.