Andatza Eguneko ospakizunik ez aurten

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 28a, 17:44



Ospakizunik gabeko ezohiko Andatza Eguna izango dugu aurtengoa. Mendia zer egoeratan dagoen ikusita, maiatzaren 4ko ekitaldietan ez laguntzea erabaki du Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak. Laguntzeari uko eginda, herritar eta erakundeak Andatzaren egoeraz jabetu eta usurbildarrentzat kuttuna den gunearen etorkizunari buruzko eztabaida piztu nahi dute. Eta beste ezer baino  lehen, mendia txukuntzea eta egoki zaintzea eskatzen dute. Mendizaleen bilguneak hartutako erabakiaz zehaztasun gehiago, lerrootan.

Zergatik erabaki duzue planto egitea?
Andatza M.K.T.:
Andatza dagoen moduan baitago, bazter guztiak pinu hondarrez josiak, pinua botatako lekuetan bidetik ateratzerik ez dago eta bidezidorrak ere hondatuta daude. Horregatik, erakunde eta herritarrak egoeraz jabetu eta Andatzaren etorkizunaren inguruko eztabaida sortzeko, planto egitea erabaki dugu. Andatza Egunean ez parte hartzea, ez laguntzea erabaki dugu. Iaztik dator kontua. Iaz ere pinuak botatzen ari ziren. Andatza Egunaren aurreko hilabetean, bideak txiki txiki eginda zeuden. Eztabaida hau izan genuen. Aldundiak gestio azkar batzuk egin ondoren, Ziortzatik gora doan pista txukundu zuten. Baina mendi inguru guztiak lokatzez josiak eta oso gaizki zeuden. Jende asko urtean behin igotzen da bakarrik. Batzuentzat ezustekoa izan zen, Andatza egoera hartan ikustea. Kontua da, iaztik hona ez dela egoera hobetu.

Taldearentzat erabaki zaila izango zen?
Gu gara pena handiena dugunak. Andatza Egunean laguntzen parte hartu ohi dugu eta egun hori asko gustatzen zaigu. Guretzat ere ez da erraza izan, baina gaia mahai gainean jartzeko une egokia dela iruditu zaigu. Jende asko harrituko da hartu dugun erabakiarekin.

Zer egoeratan dago mendia? Iaztik hona okerrera egin du?
Berdintsu segitzen du. Azken bi urteotan, sail handia bota dute eta laurdena ere ez dute aldatu, eta gainerakoa zaborrez betea geratu da. Oso itxura txarra geratzen da, eta ez da erakargarria geratzen mendira joateko. Aparte, hor uzten dituzten hondarrak suteetarako arriskua dute. Mendiaren jabea Foru Aldundia da. Aldundia da Andatzako kudeatzailea.

Egoera honen aurrean, zer da eskatzen duzuena?
Lehenik eta behin, informazioa. Usurbilgo herritarrok ez dugu inolako informaziorik Andatzaren kudeaketari buruz. Usurbildarrok Andatza gure mendi bezala sentitzen dugu. Lehengo eta egungo kudeatzaileek, Estatuak eta Aldundiak hurrenez hurren, ez gaituzte kontuan hartu. Baliabide asko dago Andatzan, mendizale, perretxiku zale edo abeltzainentzat. Biomasa garrantzitsu bat da. Hori guztia kontuan izatekoa da.

Zer egin daiteke egoera honi buelta emateko?
Mendia txukundu eta hobeto mantentzea. Bestalde, garrantzitsua iruditzen zaigu herrian, Andatzaren geroari buruzko eztabaida sortzea. Gerora ere pausoak eman beharko genituzke, udal, eragile, eta herritarrekin, mendiaz gozatzen duen guztiak kontuan izanda. Ia egunen batean Usurbilek lortzen duen mendiaren jabetza eta kudeaketa. Udalari Andatza Egunean ez dugula lagunduko jakinarazi diogu. Ahalik eta lasterren bilera bat egitea adostu dugu. Udaletik jarrera ona izan dute, aurrerapauso bat da.

Andatza Egunean ez parte hartzea, aurtengorako erabaki puntuala da?
Erabaki hau aurtengorako da. Pausoak ematen hasi gara. Udalarekin bildu gara. Aldundiarekin hartuemanetan jarri eta Aldundiko alor honetako ordezkaritza bat Potxoenera etortzea proposatu diegu. Esplika dezatela herri guztiari zer asmo duten. Hortik aurrera ikusi beharko da zer erabaki hartu edo zer egin daitekeen. Mendia garbitu egin behar dute. 


“Pena handiz hartu dugu erabakia”
Usurbilgo Udal Gobernu taldeak, Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak hartutako erabakia baloratu du lerrootan.

Nola jaso duzue albistea?
Udal Gobernua:
Tamalgarria iruditzen zaigu Andatza Egunaren ospakizuna bertan behera utzi behar izana. Andatza Mendi Elkarteak hartutako  erabakia inondik inora ez dugu ulertzen. Gure ustez, elkarteak azaldu dituen argudioak ez dute justifikatzen urtero ospatu den jaia aurten bertan behera uztea. Beraz, ez gatoz bat erabaki horrekin, ez dugu konpartitzen erabilitako argudioak, eta are gutxiago gaia planteatzeko eta erabakiaren komunikazioa Udalari emateko modua, Andatza Eguna ospatzeko egun gutxi falta zirenean.