Europar hauteskundeetarako mahaikideak zozketatuko dira, gaurko osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 29a, 12:30

Ohi bezala, apirileko osoko bilkura, arratsaldeko 18:00etan hasiko da, udalbatza aretoan. Maiatzaren 25erako Europako hauteskundeak izango dituzte hizpideen artean, udal ordezkariek. Hauteskundeetako mahaikideen zozketa egingo da gaurkoan. Alegia, bozketa egunean, botoa emateko guneetan jarriko diren mahaietako lehendakari edota bokalak hautatuko dira, zozketa bidez. 

Gainerakoan, bi mozio aurkeztuko dira. Bat, EH Bildurena; Udal Finantziazioaren Foru Fondoaren (UFFF) Likidazioari buruzkoa. Bestea, Gipuzkoako SOS Arrazakeria erakundeak aurkeztuko duena. Ceutara heldu nahian, otsaila hasieran hil ziren lagunen ingurukoa.

Udalbatzak ahotan hartu eta bozkatuko dituen gaien zerrenda osoa, hemen: 

1-2014ko maiatzaren 25ean izango diren Europako Parlamenturako hauteskundeetako mahaikideen zozketa.
2-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2014ko martxoaren 15etik apirilaren 16ra (2014/0242-2014/0366).
3-Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako S-6 (Agerreazpi) Sektorean kokatutako udal jabari publikoko 5.201 metro karratuko lursailetik, 55,93 metro karratuko lur zatia desafektatzea, Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako A-106 eremuan kokatutako Maria Aranzazu Unanue Roteta andrearen 55,93 metro karratuko lur zati batekin permutatzeko.
4-Eraikuntza, instalazio eta obrei buruzko zergaren ordenantza fiskal arautzailearen baitan, Zugasti baserria birgaitzeko obra, duen interes historiko, artistiko eta kulturalagatik, interes berezikoa izendatzea eta aipatutako zergari %50eko hobaria aplikatzea.
5-2014ko martxoaren 28ko 2014/0292 zenbakidun dekretua berrestea: San Marko Mankomunitateko 2014ko Aurrekontuen aurka auzi-errekurtsoa aurkeztea.
6-Galderak, eskaerak eta mozioak:
6.1.-EH Bilduk aurkeztutako mozioa: Udal Finantziazioaren Foru Fondoaren (UFFF) Likidazioa.
6.2. Gipuzkoako SOS Arrazakeria erakundeak aurkeztutako mozioa: Ceutara iritsi nahian otsailaren 6an hildakoak.