Egunotan jakingo da, senior eskubaloi taldeen igoera faseak non jokatuko diren

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 29a, 08:20

Espainiako Eskubaloi Federazioak astearte edo asteazken honetan bertan jakinaraziko du, zeintzuk izango diren senior nesken eta 2. nazional mailako senior mutilen taldeen igoera faseen jokalekuak. Hala berri eman du, Usurbil Kirol Elkarteak. Bi txapelketak, Oiardo Kiroldegian antolatzea eskatua du eskubaloi taldeen bilguneak. Oraingoz, txapelketa hauen datak baino ez daude zehaztuak. Maiatzaren 16-18ko asteburuan jokatuko dituzte bi taldeek, mailaz igotzeko dagozkien faseak. 

Datari erreparatuta, maiatzaren 18an Usurbilen ospatuko den XXXIII. Sagardo Eguna, berehalakoan ahaztuko ez den igandea izan liteke 50 urte bete berri dituen Usurbil Kirol Elkartearentzat. Senior mutil eta neskek mailaz igotzea lortzen badute, festa egun handia izango da zalantzarik gabe. 

Espainiako sektorea jokatzeko zain
Euskadiko txapeldunorde berriak ditugu Usurbilgo senior nesken eskubaloi taldekoak. Eta Espainiako sektorea jokatzeko aukera irabazi dute, apirilaren 11tik 13ra Oiardo Kiroldegian ospatu zen Euskadiko txapelketako azken fasean, IES Construccion talde arabarraren atzetik sailkatu ostean. Jokalari kopuru aldetik zuten muga, denboraldi gogorraren eraginez zuten nekea, ez dira inolaz ere oztopo izan, emaitza ezin hobeok lortzeko. Eta hala ospatu zuten apirilaren 13an, jai giroa lehertu zen txapelketa amaieran. Pozik asko ziren jokalari, entrenatzaile eta Usurbil Kirol Elkarteko taldeak. Baita neurketetara animatzera joandako lagun, senide eta herritarrak ere.

Ez zuten nolanahiko txapelketa egin. Merezitako garaipena dute etxekoek, izan zuten astebeburu gogorraren ostean. Euskadiko Txapelketako azken fasean lau talde lehiatu ziren; Usurbil Kirol Elkartea, Urdaibai, C.B. Muskiz eta IES-Construccion. Usurbildarrek hiru neurketetatik bi irabazi zituzten, eta bestea, gol bakar baten aldearekin galdu zuten. Meritua are handiagoa da, Euskadiko Txapelketara ze baldintzetan heldu ziren jakinda. Denboraldiko neurketak 7-8 jokalarirekin jokatu behar izan dituzte. Eta emaitza bikainak lortu dituzte halere, 21 partidetatik 19 irabazita. Euskadiko txapeldunorde ditugu senior neskak. Taldetik asteburu honen atarian zioten moduan, ezin gehiago eskatu. Zorionak!

Seniorrak, erronka potoloen atarian
Orain, denak maiatzeko hirugarren asteburuari begira. Senior mutilen 2. nazional mailako taldeak igoera fasea jokatuko baitu asteburu horretan. Asteburu berean, senior neskek ere Espainiako sektorea jokatuko dute. Senior neskek ere aukerak badituzte mailaz igotzeko; zilarrezko ohorezko mailara hain zuzen. Usurbil Kirol Elkartetik berri eman dutenez, maila horretan dauden gipuzkoar bakarrak Zarautz eta Elgoibar dira, “eta horren gainetik Ohorezko maila bakarrik legoke (Bera Bera gipuzkoar ordezkari bakarra)”.