Irudia: Ibai Arrieta.
Mezuak ugaritzen ari zaizkie azken orduetan, Facebook-en duten orrialdean (Izeberg Taldea). Albistea ezagutzera eman denetik, euren abestiaren alde bozkatzeko gonbita luzatzen ari dira zaletuak. Izeberg, Usurbilgo musika talde berria, Gaztea Maketa Lehiaketako bigarren faserako sailkatu da, "Lehenengo ilaran" abestiarekin. Eta gaurtik maiatzaren 8ra arte, Ixak Arruti, Antton Aranburu, Beñat Urteaga eta Jokin Irastorza laukotearen kanta honen aldeko bozka eman liteke helbide honetan: Gaztea Maketa Lehiaketa 2014
Abestia bera entzuteko aukera duzue Gaztea Maketa Lehiaketaren orrialdean, eta usurbildarren aldeko botoa eman dezakezue baita. Astearte eguerdi honetan, txapelketako fase honetara heldu diren 25 abestien artean, seigarren kanta bozkatuena zen Izeberg taldekoena. 39 boto jaso ditu. Odolkiak Ordainetan taldekoen "Hor konpon" abestia da momentuz, erabiltzaileen aldetik babes handiena izaten ari dena, 55 botoekin.
Aipaturikoa, astearte honetatik maiatzaren 8ra arteko epea dago, Izerberg taldearen "Lehenengo ilaran" abestiaren aldeko bozka emateko. Egun horretan bertan, Gaztea irrati kateko "B Aldea" saioan iragarriko dute Entzuleen Saria norentzat izango den, baita Maketa Lehiaketako bigarren talde bozkatuenaren izena ere. Egun berean gainera, epaimahaiak aukeratutako hiru finalisten izenak ere jakinaraziko dituzte.
Taldearen eta diskoaren aurkezpena, maiatzaren 10ean
Lehen diska eta taldea bera, jendaurrean aurkeztear dutenean eman da ezagutzera albistea. Izeberg egitasmoa osatzen duen laukotea oholtza gainean lehen aldiz ikusteko geroz eta gutxiago falta da. Maiatzaren 10ean estreinako kontzertua eskainiko dute, gaueko 23:00etatik aurrera, Usurbilgo Gaztetxean. "Azalera", euren lehen laneko abesti bilduma osoa entzun ahal izango da, Alkartasuna Kooperatibaren egoitza ohian. Tartean, egunotan Gaztearen Maketa Lehiaketan erabiltzaileen bozkak jasotzen ari den "Lehenengo ilaran" kanta ere.
Usurbilen bakarrik ez, Aginagan, Lasarten, Donostian edota Kalezarko San Joan jaietan ere emanaldiak eskaintzekoak dira hurrengo asteetan.