Maiatzaren 25ean ospatuko diren Europako hauteskunde egunerako, mahaikideak hautatu ditu Usurbilgo Udalak zozketa bidez, gaur arratsaldean burutu den osoko ohiko bilkuran; mahai bakoitzeko lehendakari eta bi bokalak, eta hiru lagunontzako bina ordezko. Hauteskunde egunean, Usurbilen guztira zazpi mahai jarriko direla kontuan izanda, 63 lagun hautatu dira. Herritar hauei guztiei udaltzaingo bidez etxera helduko zaie jakinarazpena. Alegazioetarako epea izango dute gero.
Hauteskunde mahaiak osatzeaz gain, bestelako erabakirik ere hartu du udalbatzak, egin berri den apirileko osoko ohiko bilkuran. Batetik, San Marko Mankomunitateak aurtengorako aurkeztu dituen aurrekontuen aurka, auzi-errekurtsoa aurkeztuko du Udalak. Amaitu berri diren oporren aurretik, Usurbil, Hernani, Astigarraga, Lezo, Pasaia eta Oiartzungo alkateek auzitegietara helegitea jartzera jo zutela iragarri zuten. Gaurko osoko bilkuran, aipatu auzi-errekurtsoan Udala ordezkatuko duten abokatu eta prokuradorea izendatu dira. Izendapenon alde bozkatu du Usurbilgo EH Bilduk, aurka Hamaikabatek.
Ceutan izandako heriotzen salaketa
Osoko bilkuran aurkeztu diren bi mozio ere aurrera atera dira. Bat, alor ekonomikoari loturikoa, udal Finantziazioaren Foru Fondoaren (UFFF) Likidazioari buruzkoa. EH Bilduren babesa jaso duen testuak bat egiten du Finantzen Euskal Kontseiluak otsailean erabakitako irtenbidearen edukiarekin. Eta "adostasuna ematen dio alkate eta udalekin izandako bileran aurkeztu den itzulketa formulari, horren bitartez udalek 2014an hiru hilean behin egingo diren 4 konturako entregetan konpentsazioak eginez itzuli ahal izango baitute likidazioaren emaitza".
Otsailaren 6an Ceutan izandako gertakarien inguruan, SOS Arrazakeria erakundeak aurkezturikoa da astearte honetako osoko bilkuran, kasu honetan, aho batez onartu den bigarren mozioa. Testu honen bidez, udalbatzak, "Ceutara iritsi nahian otsailaren 6an hildako pertsonen heriotza deitoratzen du, eta bere dolumina eskaintzen die haien senide eta lagunei". Hildakoen kontra egiteagatik, Guardia Zibilaren jarrera ere deitoratzen du testuak. Gertaerak ikertzeko batzorde independente bat sortzea ere eskatzen du, eta azkenik, espainiar estatuko lurretara heltzeko jendeari onartzen zaizkion eskubideak ez mugatzea galdegiten zaio Espainiako Gobernuari.