Jubilatuentzako film-solasaldiak gaurtik, Sexu Aholkularitza Guneak antolatuta

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 30a, 11:07

"La vida empieza hoy" eta "Si de verdad quieres" filmak proiektatu eta pelikula hauen inguruko solasaldiak antolatu ditu Usurbilgo Sexu Aholkularitza Guneak asteazken honetan hasita, datozen asteotarako. Jubilatuei zuzenduak egongo diren hitzorduok, Artzabal, Aginagako Arrate eta Santueneko jubilatu egoitzetan ospatuko dira. Lehenengoa, asteazken honetarako deitu dute, 16:00-18:30 artean, Santuenean.


"Zahartzaroan sexualitateak bizirik dirau. Aldaketa berriei egokitzean dago gakoa", hitz hauen bueltan antolatu du Sexu Aholkularitza Guneak, "La vida empieza hoy" film proiekzioari loturiko solasaldi sorta. Hemen, pelikula honen inguruko datu gehiago:
Zuzendaria: Laura Mañá.
Ekoizpen urtea: 2010.
Aktoreak: Pilar Bardem, Rosa María Sardá, Mariana Cordero, Lluís Marco, Sonsoles Benedicto, Osvaldo Santoro, María Barranco, Eduardo Blanco, Fernando Tielve.
Sinopsia: hirugarren adineko talde bat sexuari buruzko ikastaro batean parte hartzen hasten da. Bertan, euren gorputzak oraindik bizirik daudela irakasten diete. Duten adinak eragiten dizkien arazoei aurre egiteko, etxeko lanak jarriko dizkie Olga irakasleak: ispilu aurrean begiratzen ikastea, plazerrari 20 minutuko tartea eskaintzea. "Sexua bizitza da" esaten die Olgak, "sexua sentsazioei lotua baitago eta ez diogu inoiz sentitzeari uzten".



"Zahartzaroa ere bada, bikote-harremanetan apustu berriak egiteko garaia", "Si de verdad quieres" filmaren izenburuak dioen moduan. Pelikula honen osteko solasaldietan arituko dira, aipatu zahartzaroko apustu berriez. Hona hemen, pelikula honen inguruko zehaztasun gehiago:
Zuzendaria: David Frankel.
Ekoizpen urtea: 2012.
Iraupena: 100 minutu.
Aktoreak: Meryl Streep, Tommy Lee Jones, Steve Carell, Elisabeth Shue, Jean Smart, Susan Misner, Ben Rappaport, Mimi Rogers, Damian Young, Daniel Flaherty.
Sinopsia: 30 urtetik gora ezkonduta egon ostean, filmean Meryl Streep eta Tommy Lee Jones aktoreek hezurmamitzen duten bikoteak, aholkularitza saio intentsibo batean parte hartzen du asteburu batez, euren ideiak argitu eta harremanarekin aurrera segi edo banantzea erabakitzeko.


Film-solasaldien zikloa, asteazken honetan abiatuko da Santuenean. Guztira bosna proiekzio eta hizketaldi antolatu ditu Sexu Aholkularitza Guneak:

Apirilak 30, asteazkena
16:00-18:30 Film-solasaldia Santuenean: "Si de verdad quieres". 

Maiatzak 14, asteazkena
16:00-18:30 Film-solasaldia Aginagan: "La vida empieza hoy". 

Maiatzak 21, asteazkena
16:00-18:30 Film-solasaldia Artzabalen: "La vida empieza hoy".

Maiatzak 28, asteazkena
16:00-18:30 Film-solasaldia Santuenean: "La vida empieza hoy".

Ekainak 11, asteazkena
16:00-18:30 Film-solasaldia Artzabalen: "Si de verdad quieres"

Antolatzailea: Usurbilgo Sexu Aholkularitza Gunea.