Ceutara heldu nahian, otsailaren 6an hildako pertsonen heriotza deitoratu du udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2014ko api. 30a, 12:01

Aho batez onartu zuen atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran, SOS Arrazakeriak aurkezturiko mozioa. Testuak Guardia Zibilak izandako jarrera gaitzesten du gainera, gertaturikoa ikertzeko batzorde independente bat sortzea eskatzen du, eta Espainiako Gobernuari, "espainiar estatuko lurraldeetara iritsi nahi duen jendeari egun onartzen zaizkion eskubideak mugatzeko" lege aldaketarik ez dezala bideratu, galdegiten dio.

Hona hemen bere osotasunean, udalbatzak babesturiko mozioak dioena:

SOS Arrazakeriak aurkezturiko mozioa
Joan den otsailaren 6an, Ceutara iritsi nahian gutxienez 15 lagun hil izanak eta Guardia Zibilak haien aurka erabilitako indarkeriak iritzi publikoa asaldatu du. Nazioarteko zuzenbide humanitarioak agintzen duen bizitzaren babesaren gainetik mugen kontrola lehenestea ez dator bat gure legeriarekin ez eta gure balio moralekin. 

Nola ahaztu, halaber, kanporatuak izan diren edo ihesera jo duten pertsona horien herrialdeetako egoera ekonomiko eta sozialean Europako Batasunak duen erantzukizuna. Gertaera hauek berriro nabarmen erakutsi dute ze ondorio dakartzan Europako Batasunaren migrazio politika mugen blindatze tematian oinarritzeak: Mediterraneoa eta EBeko hego muga hobi komun bihurtu dira. 

Ceutako eskuhartzeak gizarte zibilaren eta politikarien gaitzespena eragin du eta poliziaren jokaeraren kritikaz gain ikerketa independentea eta erantzukizun politikoak ere eskatu dira. 

Gertatutako guztiari Espainiako barne ministroak argibide sinesgaitzekin erantzun dio, Guardia Zibilaren jokaera babestu du eta uko egin dio Guardia Zibileko zuzendaria kargugabetzeari, zeinaren dimisioa aho batez eskatu den. 

Horretaz gain, Espainiako Gobernuak iragarri du legeetan aldaketak egiteko asmoa duela, etorkizunean poliziaren jokaera horiek babesteko. Jarrera hau bereziki larria iruditzen zaigu, gertatukoa onartzeaz gain espainiar eta europar legeriak egun babesten dituen eskubideen murrizketa ekarriko duelako. 

Honengatik guztiagatik, udal honek:

1-Ceutara iritsi nahian otsailaren 6an hildako pertsonen heriotza deitoratzen du, eta bere dolumina eskaintzen die haien senide eta lagunei. 
2-Guardia Zibilaren jokaera gaitzesten du, bizitza arriskuan zuten pertsonak lagundu ordez, haien kontra jotzeagatik.
3-Gertaerak ikertzeko batzorde independente bat sortzea eskatzen du, eta erantzukizun politikoak bere gain hartu behar dituenak har ditzala, baita Guardia Zibileko zuzendari orokorraren dimisioa ere. 
4-Espainiako Gobernuari eskatzen dio ez dezala lege aldaketarik egin espainiar estatuko lurraldeetara iritsi nahi duen jendeari egun onartzen zaizkion eskubideak mugatzeko. Bereziki deigarria da espainiar gobernuak aurreratutako asmoetan, aterpe bila dabiltzan pertsonei nazioarteko babesa eragotziko liekeela.