Abokatu eta prokuradore bana izendatu ditu Usurbilgo Udalak, San Marko Mankomunitateak 2014rako aurkeztuak dituen aurrekontuen aurkako auzi-errekurtsoan aritzeko. Erabaki honen berri atzoko osoko bilkuran eman zuen gobernu taldeak. Amaitu berri diren oporren aurretik iragarri zuen ordea Usurbilgo Udalak, Hernani, Astigarraga, Pasaia, Lezo eta Oiartzungo udalekin batera, auzitegietara jo zutela, San Markok aurkezturiko aurrekontuei helegitea jartzera.
Edukiontzien sistemak eragindako kostuen zati bat ordaintzearen aurka
Atez ateko bilketa indarrean duten Mankomunitateko udalerriek Euskadiko Auzitegi Goreneko Kontzentzioso-Administratibora jo zuten martxoaren 31n, EAJ-PNV, PSE-EE eta PP alderdiek San Markon onarturiko 2014rako aurrekontuen aurka helegitea aurkeztera; Usurbil, Astigarraga, Pasaia, Hernani eta Lezoko udalek hain zuzen.
"Hernani, Usurbil, Lezo, Astigarraga, Oiartzun eta Pasaiko herritarrak, Donostia, Urnieta, Lasarte eta Errenteriko bilketaren parte bat ordaintzera zigortu nahi dituzte PSE-PNV-PP hirukoteak, horretarako mankomunitateko estatutuak urratu behar badituzte ere", diote auzitegietara jo duten udalek.
Kalkuluen arabera, dagokiena baino gehiago ordaindu beharko lukete atez ateko bilketa sistema indarrean duten sei udalerriok; atez ateko bilketak berak eragindako gastuak, eta gainerako udalerrietan martxan duten edukiontzien bilketak eragindako kostuen zati bat hain zuzen. Zenbakitan, Mankomunitateko aurrekontuek jasotakoaren arabera, milaka euro gehiago ordaindu beharko lituzkete hondakinak atez ate biltzen dituzten San Markoko sei udalerriok, euren lurretatik kanpo, gainerako udalerriek egiten duten hondakinen bilketagatik:
-Usurbilek 3.000 euro gehiago.
-Astigarragak, 30.000 euro gehiago.
-Lezok, 35.000 euro gehiago.
-Oiartzunek, 60.000 euro gehiago.
-Pasaiak, 93.000 euro gehiago.
-Hernanik, 114.000 euro gehiago.
2014ko aurrekontuok San Marko Mankomunitateko estatutuak urratzen dituztela salatu dute sei udalerriotako alkateok. Araudiak dioena ekarri dute gogora. San Markoko estatutuek diotenaren arabera, "soilik Mankomunitateko gastu orokorrak banatuko dira proportzionalki udalerrien artean, beren populazioaren arabera". Eta gaineratu dutenez, Mankomunitateak hondakinak tratatzeko eskumena du. Bilketarena ez, hondakinak biltzeko eskumena udalena da.
Legitimaziorik gabeko kudeaketa
Trikimalutzat jotzen duten erabaki honekin, San Marko Mankomunitateko lehendakari Denis Itxasok bosgarren edukiontzia inposatu nahi duela diote sei udalok. 5. edukiontzia, "zero kostean"eskaintzen ari dela, "baina haren gastuak udalerrien guztien artean banatu nahi ditu". Euren esanetan, San Markoko egungo agintariek, Mankomunitatea osatzen duten udalerrien errealitatearen aurka dihardute. PSEk alkaterik ez baitu 10 udalerrietan, eta horietatik bederatzitan Bildu dago. Mankomunitatea legitimazio demokratikorik gabe kudeatzen ari dela diote sei alkateek, "mankomunitatearen onerako baino, bere interes politikoak aurrera ateratzeko".
Horregatik, udalerri bakoitzak hartutako erabakiak aintzat hartu eta guztien mesederako politikak sustatzea eskatzen dute, Oiartzun, Lezo, Pasaia, Astigarraga, Hernani eta Usurbilgo alkateek.