Aginagako Herri Ikastetxean, Santuenea Elkartean, Zubietako Lanbide Eskolan eta Kalezarko Haur Eskolan mahai bana, eta beste hiru mahai jarriko dituzte Udarregi Ikastolan, maiatzaren 25ean ospatuko diren hauteskunde europarren egunean. Zazpi gune guztira, azken hauteskunde deialdian baino bat gutxiago, Espainiako Gobernutik aplikatu dituzten murrizketen eraginez. Usurbilen, mahai kopurua zortzitik zazpira jaistearen ondorioak Kalezarren nabarituko dituzte. Orain arte, bozketetarako bi mahai kokatzen zituzten Haur Eskolan. Maiatzaren 25eko hitzorduan ordea, botoa emateko mahai bakarra izango dute herritarrek.
Gutxigatik ez du lortu Kalezarrek, bigarren mahaia izatea. Auzoan bozkatzeko gunean erroldatuak, 1.187 herritar dira. Bigarren mahaia jartzeko 13 hauteslegoren faltan geratu dira. Kalezarrek 1.200eko hautesle kopurua gainditu izan balu, orain arte bezala, bigarren hauteskunde mahaia mantenduko zuen. Erabaki honek izango duen eraginaren aurrean, atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran berri eman zutenez, alegazioa aurkeztu du Usurbilgo Udalak. Baina atzera bota dute, ez dute aintzakotzat hartu. 1.187 herritar deituak daude beraz, Haur Eskolan kokatuko duten mahai bakar horretara. Gainerakoan aipaturikoa, ohiko mahai kopurua jarriko dute maiatzaren 25ean. Betiko lekuetan; hiru Kaxkoan, beste lau auzoetan.
63 herritar hautatuak
Zazpi mahaiotarako kideak hautatu zituen atzo Usurbilgo Udalak, osoko bilkuran egin zen zozketa bidez. Mahai bakoitzeko lehendakari eta bi bokal, eta hauek guztiak ordezkatuko dituzten beste bina lagun. Mahai bakoitzeko bederatzi kide, zazpi mahai izanik, guztira 63 kide hautatu ditu Udalak, maiatzaren 25eko hauteskunde egunez, bozka lekuetan lan egiteko. Mahaietan egotea egokitu zaienei, udaltzainen bidez helduko zaie jakinarazpena etxera. Edozein arazo edo desadostasunen aurrean, alegazioak aurkezteko aukera izango dute hautatuek. Horretarako, Donostialdeko Hauteskunde Batzordera jo beharko dute, Atotxan kokatuak dauden auzitegietara:
Helbidea: Kalkutako Teresa plaza, 1 (Atotxa)
20012 Donostia
Tlf: 943 000 700 edo 943 000 728
Fax: 943 000 702
Hauteskunde mahaietako kideek, maiatzaren 25ean, goizeko 8:00etarako egon beharko dute egokitu zaien mahaian. Ordubete izango dute bozka lekua prestatzeko, goizeko 9:00etan irekiko baitira hauteslekuak. Iluntzeko 20:00ak arte, bozka emateko aukera egongo da. Gero, bozka zenbaketa egin beharko dute. Maiatzaren 25eko hitzordua antolatzeko, egun batzuk lehenago, bilera deituko du Usurbilgo Udalak, behar beste argibide eskaintzeko.
Hautagai zerrendak eta kanpaina guneak prest
Europako hauteskundeerako kanpaina maiatzaren 9an abiatuko da. Eragile politikoek kanpainako ekitaldiak ospatzeko zer gune baliatu ahalko dituzten finkatua du jada, Donostialdeko Hauteskunde Batzordeak. Joan den apirilaren 16ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean zehaztuak ageri dira, zer lokal eta leku publiko baliatu ahalko diren, maiatzaren 9an abiatuko den hauteskunde kanpainan. Usurbilen kasuan:
-Lokalak: Sutegi, Kale Nagusia 4ko lokala, Santuenean eta Aginagan Udalak dituen lokalak.
-Leku publikoak: Usurbil, Zubieta eta Aginagako frontoiak.
Informazio gehiago: Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala, apirilak 16
Hauteskunde kanpainara aurkeztu diren hautagai zerrendak, hemen: Estatuko Aldizkari Ofiziala
Europako hauteskundeei buruzko informazio gehiago: Hauteskunde Europarrak 2014
Europako hauteskundeetarako egutegia
Maiatzak 9-23: hauteskunde kanpaina.
Maiatzak 22 arte: posta bidez bozkatzeko aukera.
Maiatzak 24: hausnarketarako eguna.
Maiatzak 25: bozketa eguna, 9:00-20:00 artean.