Eskualdeko manifestazioa deitu du LAB sindikatuak, ostegun honetan, maiatzaren 1eko Langileen Nazioarteko Egunean. Eguerdiko 12:00etan abiatuko da Hernaniko Gudarien Plazatik. Ondoren, ekitaldia deitu dute Ezkiaga pasealekuan (Tilosetan).
Bizi dugun egoera gainditzeko irtenbide propio bat proposatzen du LAB sindikatuak; burujabetza politiko, ekonomiko eta soziala. "Guri dagokigu erabakitzea nola sortu, banatu eta antolatu nahi dugun aberastasuna Euskal Herrian. Hor dago irtenbidea", dio sindikatuak Buruntzaldean duen ordezkaritzak. Burujabetza prozesuko giltza da erabakitzeko eskubidea LAB-entzat, eta "langilearen protagonismoa eta parte hartzea prozesuaren berma". Mezuon bueltan antolatu dituzte maiatzaren 1erako mobilizazioak.
"Krisia iruzur handi bat da"
Bizi dugun egoera salatu nahi dute baita maiatzaren lehenean. Indartzen ari diren bi iruzur salatu nahi dituzte mobilizazioetan; hazkunde ekonomikoaren eta "erabakitzeko eskubidearekin egin nahi diguten iruzurra". Hazkunde ekonomikoari dagokionez, "Euskal Herrian ekonomia ez da indartzen eta handitzen ari", LAB sindikatuak gezurtatzen duenez. Eta bide beretik jarraituko dugu, diotenez, ezin baita ekonomia indartu, pobrezia eta prekarietatearen gainean, ekonomia erreala suntsitu eta zerbitzu publikoak murrizten ari direnean.
Krisia iruzur handi bat dela gogorarazten dute LAB-etik; egungo egoera baliatuz, "erreforma estrukturalak burutu eta inposatu dizkigute", "espekulatzaileek negozioa egiten jarraitzeko bide berriak aurkitu dituzte", eta krisia sortu dutenek euren mesedetarako baliatu dute euren erabakitze ahalmena, sindikatukoen esanetan.
Erabakitze eskubidearen inguruan hain zuzen, aldaketak egin beharrak daudela diote, "bai ala bai". "Nork eta non hartzen dituen erabakiak", hortxe dago LAB-en ustez, egungo egoera iraultzeko gakoetako bat.
Ernai: "Gazte mugimendua ere kalera aterako da"
Langileen mugimenduak deituriko mobilizazioekin bat egin du Ernai gazte erakundeak ere. "Maiatzaren lehena aldarrikapenerako eta borrokarako eguna dugu beste behin ere gazteontzat. Sindikatuekin manifestazioetan parte hartzeaz gain, gazte mugimendua ere kalera aterako da egunero sufritzen dugun prekarietatea gogor salatu eta bizitza erdigunean jartzen duen eredu sozioekonomikoa aldarrikatzeko.
Izan ere, krisiaren izenpean estaltzen duten lapurreta honek gogor kolpatzen gaitu gazteok. 2007 aurretik ere prekarietate gordina bizi genuen, krisia sistemikoa baita eta ez zerbait koiunturala sinestarazi nahi diguten moduan. Azken urteetan baina, Espainiako eta Frantziako gobernuak zein euren sukurtsal diren Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua egiten ari diren eskubideen murrizketak arnasik gabe uzteraino estutzen ari zaizkigu lepoa. Gazteon langabeziak nabarmen gora egiteaz gain – 23 puntu baino gehiago 2007tik- gure lan baldintzak ere nabarmen okertzen ari dira. Besteak beste, patronalaren aginduei men eginez, kaleratzeak erraztuz, negoziaketa kolektiboa pikutara bidaliz eta lan kontratu mota prekarioetan sakonduz. Guzti honek gazte, emakume eta etorkinok oso ongi ezagutzen dugun lan merkatu beltzera bultzatzen gaitu gero eta gehiago. Eskubide gabeko subjektu bilakatu nahi gaituzte boterean dauden politikari ustelek, eurek ustelkeriaren eta klientelismoen bidez aberasten diren bitartean.
Maiatzaren 1a langileek urteetako borrokaren ondorioz irabazitako eskubideak aldarrikatu eta ospatzeko eguna izan beharko luke, baina zoritxarrez ez dago zer ospaturik. Gazteria etorkizunik gabeko esklabu bilakatzeko bidean ahalak eta bi egiten ari dira, gure emantzipatzeko ahalmena deusestuz lanerako esperantza oro txikitzen duten bitartean.
Iraganean geratu dira buzo urdinez jantzitako gizon masa haien borrokak langileariaren eskubideen defentsan. Inor ausartuko da esatera gaur egun ez dagoela proletalgorik. Baina klaseen arteko aldea gero eta nabarmenagoa da eta muturreko egoerak areagotu besterik ez dira egingo martxa honetan, honez gero gertazen ari den gisan. Borrokarako subjektu homogeneo bat ez da existituko egun, baina horren aurrean, zapaldutako herri sektoreetan asko gara transformazio sozialaren norabidean borrokan gabiltzan subjektuak: emakumeak, etorkinak, ikasleak, funtzionarioak, langileak, merkatariak, gazteak... Eta maiatzaren 1a gu guzti horien egun izan behar da, gu guztiok ezaugarritzen baitugu egun langile klasea. Burujabetzaren alde etengabean egiten dugun klase borroka da gurea. Hau baita burugabe nahi gaituen sistema irauli eta klase ezberdintasunak desagertzeko jarraitu beharreko bidea: burujabetzaren bidea.
Gazteok batu, burujabetza borrokatu!
Gora langile borroka!