Ospakizunik gabeko Andatza Eguna igandean

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 2a, 12:23



Ospakizunik gabeko ezohiko Andatza Eguna izango dugu aurtengoa. Mendia zer egoeratan dagoen ikusita, maiatzaren 4ko ekitaldietan ez laguntzea erabaki du Andatza Mendizaleen Kirol Taldeak. Laguntzeari uko eginda, herritar eta erakundeak Andatzaren egoeraz jabetu eta usurbildarrentzat kuttuna den gunearen etorkizunari buruzko eztabaida piztu nahi dute. Eta beste ezer baino  lehen, mendia txukuntzea eta egoki zaintzea bultzatzea. Mendizaleen bilguneak hartutako erabakiaz zehaztasun gehiago eskaini dituzte mendi taldetik, andatzamendizale.info orrian zintzilikatu duten honako ohar honen bidez:

 

Kaixo Andatzakide. 

 

Andatza mendia zer egoeratan dagoen ikusita, maiatzaren 4ko Andatza Eguna ekitaldietan ez laguntzea erabaki du Andatza Mendizaleen Kirol Klubak. Gure artean gaia sakon eztabaidatua izan da eta erabakia hartzea ez da erraza izan, baina gaia mahai gainean jartzeko une egokia dela iruditu zaigu. Laguntzeari uko eginda, herritar eta erakundeak Andatzaren egoeraz jabetu eta gunearen etorkizunari buruzko eztabaida piztutzea espero dugu.

Lehengo urteko 2013ko Andatza Egunaren aurreko hilabeteetan pinuak botatzen aritu ziren, eta bideak txiki-txiki eginda zeuden. Eztabaida hau izan genuen joan den urtean ere, baina Andatza eguna antolaketaren laguntzarekin aurrera egitea erabaki genuen. Ordutik hona egoera ez da hobetu.

Basozaleek, pinuak bota, adarrak kendu eta enborra garbia eramaten dute, pinu hondarrak bertan utziaz. Andatzako bazter guztiak pinu hondarrez josiak daude. Pinua botatako lekuetan bidetik ateratzerik ez dago eta bidezidorrak ere hondatuta eta itxiak daude. Mendia garbitzea, txukuntzea eta egoki zaintzea eskatzen dugu. Foru Aldundia da Andatzako kudeatzailea, eta aurten egin duen hobekuntza bakarra pista nagusiak konpontzea izan da.

Udalarekin bildu gara eta Andatza Egunean ez dugula lagunduko jakinarazi diogu. Aldundiarekin hartuemanetan jartzea eskatu diogu eta Andatzarekin Aldundiak zer asmo duen aurkezteko bidea jartzea eskatu diogu, ahal bezain pronto hobetu dadin Andatzaren egoera.

Ea asmoak gauzatzen diren eta 2015ean Andatza eguna itxuroso bat ospatzen dugun.


Andatza Mendizaleen Kirol Kluba



Andatzakoen adierazpenak
Aste honetako NOAUA!n bildu ditugu, gai honen inguruko Andatza MKT-koen adierazpenak:
http://www.noaua.eus/aldizkaria/?magazine=526

Irudiak: Andatza M.K.T.