"Heriotzaren ataria dugu bizitza" eta "Bizitzaren atea dukegu heriotza" lanengatik, Espainiako Kritikaren Saria jaso berri duen Joxan Artze izango da, bere anaia Jexuxen omeneko aurtengo lehen ekitaldiko protagonista. Joxanen liburuetan oinarrituriko "Nola belztu behar zuria" poesia eta musika emanaldia estreinatuko du Bide Ertzean taldeak, Oier Guillan eta Asier Sarasolarekin batera, larunbatean, maiatzak 3, gaueko 22:00etatik aurrera, Sutegiko auditorioan. Hitzordurako sarrerak, aurrez eskura daitezke, 8 eurotan Lizardi liburu dendan edo emanaldi egunean bertan, kultur etxean, 1o euroren truke.
Sarreren zozketa gaur
NOAUA!ko bazkide zaretenontzako oharra. Egunotan, erredakzioa@noaua.com helbidera email bat bidali duzuen bazkideon artean, larunbateko emanaldia ikusteko bi sarrera zozketatuko ditugu gaur. Sarituen izen-abizenen berri web orrialde honetan bertan emango dugu.
Beste hainbeste egingo dugu, Jexux Artze Kultur Elkarteak, maiatzeko bigarren astebururako antolatu dituen ekitaldiekin ere. "Asier eta biok" filma eta "Hiru" antzezlana ikusteko aukera egongo da Sutegin, hilaren 9an eta 10ean hurrenez hurren. Maiatzaren 9a baino lehen, erredakzioa@noaua.com helbidera email bat bidaltzen duzuen NOAUA!ko bazkideon artean, bi ekitaldiotarako bina sarrera zozketatuko ditugu. Sarituen berri, gaur zortzi, maiatzaren 9an emango dugu, web orrialde honetan.
Jexux Artzeren omenez, aurtengoan antolatu diren kultur ekitaldien berri segidan:
Maiatzak 3, larunbata
22:00 "Nola belztu behar zuria" Joxan Artzeren liburuetan oinarritutako poesia eta musika emanaldiaren estreinaldia Sutegin.
Partaideak: Bide Ertzean eta Oier Guillan & Asier Sarasola.
Edukia: Joxan Artzek "Heriotzaren ataria dugu bizitza" eta "Bizitzaren atea dukegu heriotza" izeneko poesia liburuak kaleratu ditu Elkar argitaletxearen eskutik. Bertako poemak oinarri hartuta poesia eta musika emanaldia sortu dute Bide Ertzean taldeak eta Metrokoadroka kolektiboko Oier Guillan eta Asier Sarasola deklamatzaileek; zazpi poema kanta bihurtu eta beste hogei inguru errezitatuko dituzte. Liburuek jorratzen dituzten gaietan barrena osatu dute ibilbidea egileek: maitasuna, bizitza-heriotza, ama-aita, itsu-mutu-gorkeria, olerkaria zuria belzteko tenorean... Artzeren idazkerak dituen ardatzak hartu dituzte aintzat horretarako: musikaltasuna, erritmoa, irudi kateatuak, hitz jokoak, sakontasun lirikoa. "Nola belztu behar zuria", funtsean, Joxan Artzeren poesiaren mundu zabala ahots eta doinuz jantzi nahi duen emanaldia da.
Sarrerak: 8 eurotan aurrez Lizardin, 10 eurotan egunean bertan Sutegin.
Maiatzak 9, ostirala
22:00 "Asier eta biok" filma Sutegin.
Zuzendariak: Aitor Merino eta Amaia Merino.
Edukia: honela dio Aitor Merino zuzendariak: "Asier eta biok Iruñean ikaskide izan ginen 80ko hamarkadan. Ondoren, bide ezberdinetatik jo genuen. Nik, aktore izateko goseak bultzatuta, Madrilera jo nuen; hiriak harrera ona egin zidan eta bazter guztietan egin nituen lagunak. Bien bitartean, Asier konpromiso politiko handiko ekimenetan murgildu zen. Urrun bizi arren adiskidetasuna mantendu genuen. Urteak pasa ziren eta aktore egin nintzen. Asierrek polizia zeukan atzetik ETAkide zelakoan, zortzi urte eman zituen espetxean. Urte guztiotan askotan hitz egiten nien nire Madrilgo lagunei Asierren inguruan eta gure adiskidetasunaz. Baina askotan, nik ere erantzuteko zailtasunak nituen galderak botatzen zizkidaten. Askatu zuten egunean kamera hartu eta galdera horri erantzuteko gai izango zen pelikula egitea deliberatu nuen. Hori zen nire asmoa eta, aldi berean, zergatik ez, Madrilgo lagunen eta Asierren arteko ulertze-bideak sortzea. Nolanahi ere, nire egitasmoa ez zen uste bezain erraza gertatu...".
Sarrerak: aldez aurretik 3 eurotan Lizardin, eta egun berean takilan.
Maiatzak 10, larunbata
22:00 "Hiru" antzezlana Sutegin
Zuzendaria: Begoña Bilbao.
Aktoreak: Loli Astoreka, Miren Gojenola, Ana Elordi eta Zuhaitz Gurrutxaga.
Edukia: Txaro, Mertxe eta Angelak ez dute elkarren berri izan joan deneko hiru hamarkadetan, hain zuzen ikasketak amaitu zituztenetik. Lagun minak, separaezinak ziren, bizitzaren joan-etorrian, bakoitzak bere bide eta esperientziei ekin zien arte. Tenore honetan, berrogeita hamarrak betetzeko trantzean, gauza bat dute argi eta garbi: zein baino zein bakartiago bizi direla, hirurak ere, ama izateko ametsa erdietsi gabe. Berandu ote? Eta gustuko gizona aurkituko balute? Eta gizon horrek hirurak haurdun utziko balitu? Benetako familia bat osa lezakete... Amesturiko gizon-katxarroarekin egin dute topo eta galdera nagusia dator jarraian: "Hiru espermatozoide utziko al zenizkiguke?". "Hiru" antzezlana komedia zoro-dibertigarria da; arrakasta handiko ibilbidea egin du Txile, Puerto Rico, Costa Rica, Estatu Batuak eta Espainiako antzokitan.
Sarrerak: aldez aurretik 8 eurotan Lizardin, 10 eurotan egun berean Sutegin.
Antolatzailea: Jexux Artze Kultur Elkartea.