Irudia: Ibai Arrieta.
Larunbatekoa definitzeko hitz bat aukeratu beharko balitz, hitz horrexek laburbilduko luke ondoen: hunkigarria. “Nola belztu behar zuria” ikuskizuna iragarria zegoen Sutegin baina, funtsean, Joxan Artze omentzeko saioa izan zen. Euskal kulturaren erreferentzia handia, azken hamarkadetako kultur mugimendua ulertzeko izen propio horietako bat. Jexux Artze Kultur Elkarteak, beraz, Joxan omentzeko baliatu zuen larunbateko ekitaldia. Eta bertaratu ziren ikusleek, luzaroan gogoan izango duten omenaldiaren lekuko apartak izan ziren.
Jexux Artzeren omeneko ekitaldi gehiago asteburu honetan: "Asier eta biok" filma ostiralean eta "Hiru" antzezlana larunbatean. Bi ekitaldiak, gaueko 22:00etatik aurrera Sutegiko auditorioan. Hitzorduotarako bina sarrera zozketatuko ditugu ostiral honetan, maiatzaren 9an, aurrez, egunotan erredakzioa@noaua.com helbidera email bat bidaltzen duzuen NOAUA!ko bazkideon artean.
Jexux Artzeren omeneko ekitaldiak
Maiatzak 9, ostirala
22:00 "Asier eta biok" filma Sutegin.
Zuzendariak: Aitor Merino eta Amaia Merino.
Edukia: honela dio Aitor Merino zuzendariak: "Asier eta biok Iruñean ikaskide izan ginen 80ko hamarkadan. Ondoren, bide ezberdinetatik jo genuen. Nik, aktore izateko goseak bultzatuta, Madrilera jo nuen; hiriak harrera ona egin zidan eta bazter guztietan egin nituen lagunak. Bien bitartean, Asier konpromiso politiko handiko ekimenetan murgildu zen. Urrun bizi arren adiskidetasuna mantendu genuen. Urteak pasa ziren eta aktore egin nintzen. Asierrek polizia zeukan atzetik ETAkide zelakoan, zortzi urte eman zituen espetxean. Urte guztiotan askotan hitz egiten nien nire Madrilgo lagunei Asierren inguruan eta gure adiskidetasunaz. Baina askotan, nik ere erantzuteko zailtasunak nituen galderak botatzen zizkidaten. Askatu zuten egunean kamera hartu eta galdera horri erantzuteko gai izango zen pelikula egitea deliberatu nuen. Hori zen nire asmoa eta, aldi berean, zergatik ez, Madrilgo lagunen eta Asierren arteko ulertze-bideak sortzea. Nolanahi ere, nire egitasmoa ez zen uste bezain erraza gertatu...".
Sarrerak: aldez aurretik 3 eurotan Lizardin, eta egun berean takilan.
Maiatzak 10, larunbata
22:00 "Hiru" antzezlana Sutegin
Zuzendaria: Begoña Bilbao.
Aktoreak: Loli Astoreka, Miren Gojenola, Ana Elordi eta Zuhaitz Gurrutxaga.
Edukia: Txaro, Mertxe eta Angelak ez dute elkarren berri izan joan deneko hiru hamarkadetan, hain zuzen ikasketak amaitu zituztenetik. Lagun minak, separaezinak ziren, bizitzaren joan-etorrian, bakoitzak bere bide eta esperientziei ekin zien arte. Tenore honetan, berrogeita hamarrak betetzeko trantzean, gauza bat dute argi eta garbi: zein baino zein bakartiago bizi direla, hirurak ere, ama izateko ametsa erdietsi gabe. Berandu ote? Eta gustuko gizona aurkituko balute? Eta gizon horrek hirurak haurdun utziko balitu? Benetako familia bat osa lezakete... Amesturiko gizon-katxarroarekin egin dute topo eta galdera nagusia dator jarraian: "Hiru espermatozoide utziko al zenizkiguke?". "Hiru" antzezlana komedia zoro-dibertigarria da; arrakasta handiko ibilbidea egin du Txile, Puerto Rico, Costa Rica, Estatu Batuak eta Espainiako antzokitan.
Sarrerak: aldez aurretik 8 eurotan Lizardin, 10 eurotan egun berean Sutegin.
Antolatzailea: Jexux Artze Kultur Elkartea.