Bat Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailetik antolatu dutena emakumeentzat, ostiral honetan, maiatzaren 9an abiatuko da. Haurtzaroari loturiko lehen sorospenen ikastaroa antolatu du DYAk bestalde, datorren asterako. Bi ekimenon zehaztasun gehiagoren berri segidan;
Haurtzaroari loturiko lehen sorospenen ikastaroa antolatu du DYAk
Maiatzaren 12tik 16ra izango dira saioak, 10:00etatik 12:00etara DYAk Munalurra 26an duen egoitza berrian. Haurtzaroari loturiko istripuen ekiditea eta lehen sorospenen inguruko ikastaroa izango da. “Haurtzaroan zehar istripuak saihesteko moduari heltzen dio betiere kausa ohikoenak eta umeek ordu gehien pasatzen dituzten ingurune arriskutsuenak: etxea, ikastetxea, parkea…kontutan hartuz. Halaber, ikastarora bertaratzen direnek istripu horien ondorio diren larrialdi egoerei (erorketak, erredurak, eztarriko trabamenduak, intoxikazioak…) aurre egiteko oinarrizko ezaguerak eskuratu ahal izango dituzte. Ezaguera guzti hauek programa baten bitartez modu errazean eta entretenigarrian ikasiko dira , non teoria eskolak trebakuntza-praktikoko eskolekin txandakatuko diren”, DYA-tik berri eman dutenez.
Ahalduntze ikastaro berriko izen ematea ixtear
Emakumeei zuzenduriko “Norberaren zaintza somatikoa eta emozionala” ahalduntze ikastaroa antolatu du Usurbilgo Udaleko Parekidetasun Sailak. Maiatzaren 9an abiatuko dira saioak. Hortik aurrera, ikastaroko hitzorduak, ostiralero, 17:00-19:00 artean Santueneko Aldapeko lokalean. Maider Andonegik zuzenduko du ekimena. Ikastarorako izena aurrez eman behar zen, epea itxita dago.