Maiatzaren 30era arteko tartea duzue buruari eragin eta zuen proposamena aurkezteko. Gogoan izan, uztailaren 1etik 6ra ospatuko diren herriko festen txupinazoa nork jaurti, hauxe da erabaki behar duzuena. Jai Batzordeak usurbildarron esku utzi du iaz bezala, Santixabelei hasiera emango dien suziria pizteko ardura nori eman hautatzea. Zuen proposamenak, kultura@usurbil.net helbidera bidal ditzakezue. Bestela, Potxoeneara edo Sutegi udal liburutegira helarazi. Aipatu moduan, maiatzaren 30a baino lehen.
Azken urteotan, txupinazoa jaurti dutenen artean ditugu, Usurbilgo DYA, Atzegiko kideak, Usurbil Zero Zabor taldekoak... Iaz bezala, zuen proposamenen artean hautatuko dira 2014ko Santixabelen hasiera ekitaldiko parte hartzaileak.
Bertsio Gaua antolatzeko bilera
Txozna Batzordeak bestalde, Santixabeletako Bertsio Gaua uztailaren 5ean ospatzea erabaki du, larunbatez beraz. Eguna finkatu dute, orain ekimeneko gainerako nondik norako guztiak lotu nahi dituzte. Horretarako, bilera deitu dute, maiatzaren 13rako, asteartea, 19:00etan Potxoenean. "Musikari, musikazale, eta parte hartzeko interesa duen orori bertaratzea eskatzen diogu", luzatu dute gonbita Txozna Batzordetik.
Egitarau diseinu lehiaketa, azken txanpan
Diseinu lanak aurkezteko maiatzaren 15era arteko epea dute interesdunek. Lehiaketako txapeldunak, 500 euroko saria jasoko du eta noski, eginiko lanaren emaitza herritar guztien eskutara helduko da. Usurbilgo Udalak antolaturiko ekimen honen xedea hain zuzen, uztailaren 1etik 6ra ospatuko diren herriko festen egitarauari formatua, euskarria, eta finean, forma eta itxura ematea baita.
Zuen diseinu lana sortzen hasteko lehen pausoa Potxoeneara gerturatzea izango da. Egitarauko testua bertan jaso behar da. Bestela, eskatu emailez, kultura@usurbil.net helbidera idatzita. Testu horretan oinarritu beharko da diseinu lana. Gainerakoan, ezaugarriok izan beharko ditu:
-Lanaren neurria librea izango da.
-Egitarauak irakurterraza izan beharko du. Euskaraz argitaratuko da, gaztelerazko bertsio laburtua jasoko du, tamaina txikiagoan.
-Lanak euskarri digitalean eta paperean aurkeztu behar dira. Euskarri digitalean: CD edo pendrive batean, aurkeztu beharko da eta PDF formatuan egongo da.
Lehiaketari begirako araudi orokorra:
-Lehiaketa publikoa eta irekia izango da.
-Lana originala, aurrez beste lehiaketetan parte hartu eta argitaratu gabea izango da.
-Norbanako edo taldeak aurkez daitezke. Taldean aurkeztuz gero, taldekide bat izendatuko da lanaren arduradun.
-Nahi adina lan aurkez daitezke.
Aipaturikoa, lanak maiatzaren 15a baino lehen helarazi behar dira Usurbilgo Udaleko erregistrora, edo bestela, postaz bidali helbide honetara:
Usurbilgo Udala
Kultura Saila
Jose Martin Sagardia Plaza z.g.
20170 Usurbil
Egitarau diseinu lehiaketaren oinarrien berri, hemen: http://kultura.usurbil.net/edukiak/deskargak/564786_LEHIAKETA%20OINARRIAK%202014.pdf
Argibide gehiago: 943 371 999 edo kultura@usurbil.net