Lau hamarkada sorterritik kanpo eman ostean, apirilaren 30ean itzuli zen Xabier Miguel Ezkerra Usurbila. Martxoa amaieran, Arrangoitzen (Lapurdi) eginiko agerraldi batean, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko 80 bat kideek (Xabier Miguel Ezkerra usurbildarrak tartean) euren sorterrietara itzuliko direla iragarri ostean izan zen: “Zailtasunak ditugu oraindik gure kolektiboa osatzen duten kide guztiak etxeratzeko, baina aukera eskaintzen duten egoerei gaurdanik soluzioak ematen hasteko hautua egin dugu. Beraz, gaurko egunetik aurrera gure sorterrietako kaleak betetzen hasiko gara. Gaurtik aurrera gure sorterriko plazetan ere ikusiko gaituzue berriro”.
Iazko ekainean konponbiderako eginiko ekarpenaren baitan kokatzen du euskal iheslarien kolektiboak urrats hau. Bide orri hau gauzatzen hastea erabaki dutela jakinarazi zuten martxoa amaieran Arrangoitzen. Hemen duzue, agerraldi hartan iheslarien kolektiboak plazaratu zuen adierazpena, bere osotasunean: iheslarienerabakia
Informazio gehiago: herriaduguarnas.org
Blokeo egoera gainditzeko lanean
“Azken iheslaria etxeratu bitartean, hemen ez da konponbiderik. Iheslarien arazoari heldu behar zaio. Iheslariekin hitz egin behar da”, eskaera argia egin zuen bideo-konferentziaz, Usurbildik kanpo hamarkadak eman dituen Xabier Miguel Ezkerra herritarrak, iragan martxoaren 6an Aitzaga Elkarteak Sutegin antolatu zuen hitzaldian.
Usurbildarraren esanetan, kolektiboak bizi duen errealitate latzari aterabidea eman beharra dago, bizi dugun gatazka konpondu nahi bada behintzat. 500 kide dituen euskal iheslari politikoen kolektiboaren erradiografia egin zuen. Erradiografia latza. 100 baino ez dira bizi Euskal Herrian. “Gehienak kanpoan, egoera latzetan, kontinente ezberdinetan, prekarietate osoan batzuk”, azaldu zuenez. Iheslari batzuen bizimodua gogorra da bereziki, eta konponbidea ahalik eta lasterren behar du. “Ezin da luzatu batzuen egoera, itsasoz bestalde daude, mediku azterketak ezin egin… Existitzen ez den egoera juridikoan daude”, azaldu zuen Xabier Miguelek.
Lan zailena izango den arren, euren egoera konpondu beharra dagoela gogorarazi zien Sutegira hurbildutakoei. Euren aldetik, “etxeko eta kanpoko” eragileei gaia mahai gainean jartzen ari direla berri eman zuen. Gogoan izan, iazko ekainean jendaurrean aurkeztu zuen euskal iheslarien kolektiboak, gatazka konpontzeari begira eginiko ekarpena. Ez ziren bakarrak izan. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak ere, 2013a agurtzear genuela bere ekarpena ezagutzera eman baitzuten.
Bi planteamenduon dimentsio politikoa aztertzeko antolatu zuen hain zuzen Aitzaga Elkarteak, martxoaren 6ko Sutegiko hitzaldia. Xabier Miguel Ezkerrarekin batera, Amaia Izko (abokatua eta Sortuko bozeramailea) eta Juan Karlos Ioldi (preso ohia eta Harrera taldeko kidea) gonbidatu zituzten kultur etxera.