Ohorezko Mailara igotzeko final handia jokatuko du igandean, seniorren futbol taldeak

Noaua Aldizkaria 2014ko mai. 7a, 16:04



Igande arratsaldeko 17:00etan izango da, Donostiako Berio futbol zelaian, Santo Tomas Lizeoaren aurka. Usurbil FT-ko senior taldeak, neurketa erabakior hau irabaziko balu, Ohorezko Mailara igoko da. Final handi honetara joateko autobusa antolatu du futbol taldeen bilguneak. Igande arratsaldeko 16:15etan irtengo da, Oiardo Kiroldegi aurretik. Autobusean izen emateko zerrendak Aitzaga eta Bordatxo tabernetan jarri ditu Usurbil FT-k. 

Jokalarien lagun, senide, zaletu eta herritarrei oro har, Beriora gerturatzeko gonbita luzatzen zaie; “Atera kamiseta gorriak armairutik eta etorri taldea animatzera!”. Senior taldeko entrenatzaile Mikel Rotetak ere herritarrak Beriora joatera deitzen ditu. "Usurbildarrak, azkeneko partidan bezala, taldeari babesa agertzera deitzen ditut. Taldeak asko nabaritu eta sentitzen baitu. Aukera zoragarria izango da igande honetakoa, denon artean Usurbil gorago eramateko. Denen bultzada behar dugu", adierazi dio NOAUA!ri eskainitako elkarrizketan.

Senior taldeak bi final handi jokatu behar zituen aste hauetan. Lehenengoa iragan larunbatean jokatu eta irabazi egin zuten. Igande honetakoan ere nagusituko balira, Ohorezko Mailan jokatuko du taldeak, datorren 2014-15 denboraldian.